( Nekane Zuaznabar
Santa Kruz ) Astigartarra izatez, 10 urte daramatzat Hernanin bizitzen, eta beste astigartar askok bezala, bertan bizi gabe ere, Hernanirekin harreman estua eduki dut betidanik. Eta esan beharra daukat hondakin kontu hauetan harro nagoela hernaniarrez eta lotsatuta Astigarragako alkatearekin.
Harro nago gainera Astigarrako eta Hernaniko herritarrok daukagun harreman estuarekin. Horregatik salatzeko modukoa iruditzen zait alkate jaunak erakusten duen fede txarra, itsukeri eta autismoa.
Nola ulertu bestela hainbat makro proiektu txikitzaile onartzeko eta publikoki defendatzeko lotsarik ez duen giza semeak; Astigarragako lur eremua hondatuko duen AHT, ehundaka miloi euro kostatuko zaigun Errauste planta, ondoko herritarrei inongo aukerarik ez ematea hondakinen tratamendurako sistema eraginkor eta jasangarriak probatzeko. Are gehiago, ondoko herritarren eskubideak murrizten saiatzeko epaitegi bidez. Nor da bera ondoko herritarrok zer egin eta zer egin behar ez dugun erabakitzeko?
Imaginatzen dut zeren beldur den Astigarragako alkatea; bertako herritarrak ez ote diren laster batean atez atekoa eskatzen hasiko. Azken finean alkate jauna, hondakinen inguruko arazo larri berak ditugu hernaniar eta astigartarrok, Urumea ibaiak bezala, errauste plantak modu berean eragiten digu hernaniar eta astigartarroi.
Hain kezkatua badago, alkate jaunak har ditzala behar dituen neurriak, baina sistematikoki atez ateko bilketa eta Hernaniko herritarrak deskalifikatu gabe. Gainera jakin dezala soluzio bakarra daukala halako tripako min eta kezka eragiten dion arazoa konpontzeko; atez atekoa ezarri Astigarragan. Bere herritarrek eta ingurugiroek eskertuko diote.
Azkenik Astigarragako herritarrak bultzatu nahi nituzke atez atekoaren aldeko urratsak eman ditzaten, pentsatu baino errazagoa baita. Aupa Hernani eta aupa Astigarraga.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!