( Andoni Amonarraiz Gómez
EAJ-PNVko bozeramailea
(*Erredakzioan euskeratua) ) Nik uste dut, Atez Atekoaren kontu guzti honekin lortu nahi dena, ez dela bilatzea hondakinak biltzeko sistema egoki bat, azken kondarrak gutxituko dituena. Ez, gerra honekin nahi dute, beste behin, gure instituzioei eraso egitea, oraingo honetan hondakinen arlotik.
Kontua da, Gobernu Taldea eta Ezker Batuak Iparraldera eraman nahi dituztela herri honetako hondakinak, eta ez Lapatxera, niri erantzun zidaten bezala. Instalazio horietara (Lapatxera) eramaten ari gara Gipuzkoako hondakinak, eta bertan, Diputazioak eta Mankomunitateek inbertitu egiten dute.
Eta orain, ez dute ba pentsatu instalazio horiek ez erabiltzea? Ingurugiroaren salbatzaile hauek, ez dituzte erabiliko gipuzkoarron diruarekin egindako instalazioak, eta berriz ere, libretik joango dira. Zenbat kostako ote zaigu, Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integralari (PIGRUG) egiten zaion desprezio berri hau?
Hernani San Marko Mankomunitateko kidea da, eta sartu zenean, Estatutu batzuk onartu zituen. Estatutu horiek diotenez, Mankomunitatea uzteko pausu batzuk eman behar dira, eta nola ez, Udal honek, berriz ere, kasurik ez die egin ezarritako pausuei, eta libretik jarraitu du. Ekonomikoki zenbateko kostua etorriko ote zaio hortik gure herriari, zerbitzu berdinengatik, gainerako herriak gehiago ordaintzen hasten direnean, zerbitzu berdinengatik?
Instituzio publiko guztiek derrigor eman beharreko pausuak dauzkate, langileak kontratatzen dituztenean (plazaren bat izan behar dute, dirua behar da ordaintzeko, eta aukeratzeko prozesu bat izan behar da). Bada, dagoeneko 10 pertsona kontratatu dira Atez Atekorako. Eta aukeraketa bat egin da, bai, baina ez dakigu zergatik aukeratu diren 10 lagun horiek. Baina, gainera, Udaleko estrukturan 10 plaza horiek ez dira existitzen, eta ez dago ordaintzeko dirurik. Gure Udalari jarritako betebeharrak, zenbat aldiz gutxietsi behar dituzte?
Berdin dio denak, arauak, prozesuak, estatutuak, instituzioak. Axola duen bakarra da, Gobernu Taldeak eta Ezker Batuak zer egin nahi duten.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!