Portuko auzo elkartekoei

Kronika - Erredakzioa 2010ko mai. 6a, 02:00

( Izaskun Txintxurreta Ingurumen zinegotzia ) Zintzilikatzekoen kokalekua dela-eta, Portuko auzo elkarteak bere «ondoeza eta haserrea» adierazi du nire «erabateko isiltasunak» erakusten omen duen «errespetu eta begirune faltagatik». Ez dut hikamikan sartzeko asmorik baina argitu nahi dut Portuko bizilagunei Hernani­ko gainontzeko bizilagunei erakutsi diegun begirune eta errespetu bera erakutsi diegula. Horren froga da Portu/Iba­rro­laburu auzoko 15 etxek aurkeztu dituzten proposamenetatik Udalak 11 onartu edo adostu dituela. Auzo elkarteak aipatzen duen errespetu edo begirune falta hori ezin da egiazkoa izan, 15 proposamenetik 11 onartu ditugunean. Zuzenean aipatzen dituzten 9, 10 eta 11 portalen inguruan, berriz, esan dezaket kasu horretan ere atez ateko bulegoak ohiko prozedura jarraitu duela. Are gehiago, etxe hauek aurkeztu zituzten proposamenak Ingurumen Sailera iritsi zirenean, bertako arrazoiak aztertu ondoren, Udalak zin­tzilikatzekoentzat pentsatuta zuen kokalekua aldatzea erabaki zuen. Egia da kokaleku berria ez zela haiek eskatzen zutena, baina haiena ezin ge­nuen onartu, zintzilikatzekoak portaletik urrutiegi jarri edo beste bizilagunei eragin beharko geniekelako. Portal horietako bizilagunek jakin bazekiten proposamenek irizpide batzuk errespetatu behar zituztela eta haien proposamenak ez zituen irizpide horiek betetzen. Portuko portal horiekin ezin dugu salbuespenik egin, tratamendu berezi bat ematea litzatekeelako. Irizpideak bat eta berak dira Hernaniko bizilagun guztientzat eta denok modu berean errespetatu be­har ditugu. Bukatzeko, eta nire balizko ‘isiltasunari’ dagokionez, gau­za bakarra esan nahi dut. Nik idatzi nien gutuna, non, azal­tzen diedan zergatik ezin du­gun beraien proposamena onar­­tu eta zein den behin betiko kokalekua. Gutun hori mar­txoaren 22an sinatuta dago eta kopia bat gordea dut.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!