Hezkuntza Saila eta gizartearen partaide orori prentsan argitaratutako gutuna irakurri ondoren, ohar batzuk egitea ezinbestekoa dela iruditzen zait.
Hasteko, ondo azaldu beharko duzue nola lortzen den Proiektu kohesionatu eta integratzaile bat, komunitate erdia, hau da Langile Ikastolak ordezkatzen duena (matrikulazioaren %50), proiektu horren kontra azaldu denean, eta gainetik eskatzen diozue arduradun politikoei horretara behartzea. Noiztik indarraren bideak izan dira kohesioa eta integrazioaren bidai lagunak?
Guk zuen beharrak beti ulertu izan ditugu, eta nahiz eta gure planteamendua izan Langile Ikastola fusio-prozesu honetatik kanpo gelditzea, beti oso presente izan dugu Elizatxok dituen matrikula kopuru murritza eta azpiegitura-beharrak. Gure proposamenak, zuek azaldutako arazoei ez die inongo kalterik egiten. Fusio-prozesu honetan hiru zentroek baietza emateak (63 ikasle matrikulatu dira zentro berri horretan) dibertsifikazio kurrikularrean matrikulazioan sortzen dituen arazoak konpontzen ditu; institutuko eraikina eta Delegaritzak agindu duen hirugarren eraikin berriarekin, zuen zerbitzu beharra asebetetzen da (jangela…). Bi hezkuntza proiektu mantentzeko ez dago inongo arazorik. Biak azpiegituraz ondo hornituak leudeke, eta garrantzi handia daukan Hezkuntza Proiektu propioak garatzeko aukera emango luke. Eta modu horretan lortu, eta bermatu egiten da gurasook hezkuntza proiektua aukeratzeko dugun eskubidea.
Konponbide ona da denontzat. Behin azpiegituraren arazoak konponduta, ba al dago beste aitzakiarik Langile behartzeko proiektu honetan parte hartzera? Hezkuntza Sailaren oniritziarekin eta jarrera itxietan kateatuz fusio-prozesu hau aurrera eramatea lortzen baduzue, Hernanin DBHko zentro bakar bat egongo da, Langilek duen Hezkuntza Proiektu singularra baztertuz. Kontuan izan, hala ere, ez dela inondik ere elkarbizitzan lagunduko duen proiektu integratzailerik izango, eta ez dituela klitxe zahar guztiak gaindituko.
Benetan proiektu bateratu bat defendatzen badugu, errespetatu ditzagun desberdin pentsatzen dutenak, izan ditzagun beraien beharrak ere kontuan, landu dezagun elkarbizitza gune hezitzaile berdin batetik, elkarrekin hitz egin dezagun, eta gure proiektu guztientzat lekua izango duen proiektu bateratu bat lortzen badugu, agian, etorkizun batean elkartzeko gai izango gara.
KALITATEZKO ESKOLA PUBLIKOAREN DEFENTSAN; INPOSIZIORIK EZ!!