( Joxe Elizondo (Niko) Amher-eko kidea )
Urtero bezala, beste behin, Hernaniko AMHER-SOS Arrazakeriatik Nazioarteko Jaialdi Gastronomikoa antolatu genuen pasa den igandean Plaza Berrin. Protagonista nagusiak munduko beste lurraldeetatik etorri eta beren etorkizuna gurean eraiki nahi dutenak izan ziren. Berriro ere, ekitaldia arrakastatsua gertatu zen eta meriturik handiena beren jaki gozoak eskaini zizkiguten andre eta gizonei dagokie; bertara hurbildu eta, plater aniztasuna ez ezik, berdintasunezko giza harremanak ´dastatu` ahal izan zituzten bisitari ugariei; ekimenari trataera positiboa eskaini zioten herriko komunikabideei... Eskerrik asko guztiei.
AMHER-SOS Arrazakeria eta beste kolektibo askoren borondatea eta lana gizartean bizikidetza justuagoa eta zuzenagoa bultzatzea da. Horretarako, funtsezkoa da eskubide berdintasunezko maila handiago batera jotzea, era bateko edo besteko bazterketa eta diskriminazioak alde batera uztea, modu aldakor eta malguan ulertutako kulturartekotasunaren solidaritza eta aberastasuna, arrazakeria modu berrien aurrean adi egotea, etab. Hauek dira ´dastatze` onenak (dastatze gastronomikoak ez badira ere).
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!