Erantzuna premiazkoa da

Kronika - Erredakzioa 2010ko mai. 7a, 02:00

( Iñaki Alberdi, Bego Zubia Langile Ikastolako 6. mailako gurasoen izenean ) Ikasturtea bukatzear dago eta oporrak berehala izango dituztela kontuan hartuta, gogotsu egiten ari dira azken ahalegina gure seme-alabak. Hernaniko Langile ikastolan 6. maila ikasten ari dira. Lehen hezkuntza atzean utzi eta datorren ikasturtean bigarren hezkuntzari helduko diote, beraz. Beren heziketa prozesurako eta garapenerako garrantzitsua izango den urratsa emango dute eta horregatik urduri, baina ilusioz begiratzen diote etorkizunari.

Gurasook, ordea, ohi baino zalantza eta kezka gehiago ditugu, gure seme-alaben hezkuntzarako aukeratu dugun ikastetxea desegin nahi baitute.

Gasteizko Legebiltzarrak eta Hernaniko Udalbatzak, gehiengoz, Langile ikastolako hezkuntza komunitatearen era­bakia errespetatzeko eskatu dute.  Alderdi politiko ezberdinek (PP, PNV, Aralar, EA, zein ezker abertzaleak) begi onez ikusten dute Hernaniko bigarren hezkuntzako ikaste­txeen fusioa. Baina, Langile ikastolaren hezkuntza egitasmo berezia eta ikastolaren nahia aintzat hartuta, eskatu dute gure ikastetxea fusio horretatik kanpo uzteko.
Eskaerak eskaera, asteak bata bestearen atzetik badoaz eta Hezkuntza Sailak ez du eskatutako erabakia hartu.

6. mailako familia guzti-guztiok datorren urterako ma­tri­kula gure ikastetxean egin ge­nuen, hau da, Langile ikastolan. Aldiz, Hezkuntza Sailak horrelakorik onartu ez eta gure nahia adierazten duten matrikulak notario baten esku daude.

Gurasook gure borondatea argi azaldu dugu; Hernaniko herritarron ordezkariek, hau da, Udal plenoko kideek ere hitz egin dute eta Gasteizko Legebiltzarkideak ere mintzatu dira.

Ondorioz, luzamendurik gabe, egoerak exijitzen duen erabakia har dezala eskatzen diogu Isabel Celaa sailburuari.

Etorkizuneko gizon-emakumeak izango direlako, beren adineko neska-mutikoei eska­tzen zaien ahalegina egiten ari dira gure seme-alabak. Jar di­tzagun helduok, bakoitzak bere erantzukizun esparrutik, etorkizun hori bermatzeko beharrezko diren baldintzak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!