Garzonek atez atekoa debekatuko du

Kronika - Erredakzioa 2010ko api. 24a, 02:00

( Andoni Tolosa Goikoetxea ) Garzonek atez atekoa debekatuko du Edo hori da hor nonbait, ez da­kit oso ongi non, entzun dudana. Entzun ere entzun dut udaletxea banatzen ari den kuboak Indian eginak daudela eta haur esklabutza dagoela tartean. Horrekin batera norbaitek esan dit, beste norbaitek esan duela, hark iturri onetatik dakiela..... kuboak toxikoak direla eta kalte izugarriak eragiten dituztela erabiltzaileengan, dagoeneko gogoan ez zuen ez dakit zein herritan sekulako hondamendia gertatu omen da. Baina kontua ez da hor geratzen, jakin ere jakin baitut Munduko Osasun Elkarteak eta Aita Santuak ere atez atekoa kondenatuko dutela. Batzuk txosten bat kaleratuko dute Ginebran hemendik gutxira eta besteak hurrengo agerpen publikoan exkomulgatu egingo ditu basakeri ateo honetan parte hartzen duten guztiak. Eta hau ez da entzun dudan gauzik harrigarriena. Taber­nan esan didate Astigarragako alkateak hiritar patruilak antolatuko dituela zabor turismoa ekiditeko, eta ez duela baztertu OTAN erakundeari laguntza eskatzea Hernani, Usurbil eta Oiartzun herriak beharrezkoa bada arma bidez hartu eta izugarrikeri totalitario hau geldi arazteko. Ah eta azkenik, ez dakit badakizuen baina erraustegiak labanda usaineko perfumea barreiatuko du bazterretan eta ahal duguna baino askoz ere gutxiago birziklatzeak pertsona hobeak bihurtuko gaitu, jende fidagarriak esan du hori. Neuk ere badut kirtenkeriak esateko eskubidea edo soilik diru publikoetatik bizi diren ´politikariak` aritu daitezke zurrumurru lerdoak publikoki komunikabideetan zabaltzen? Hori bai dela guztion diruak neurrigabe xahu­tzea!! Kuboak partitzera bidaliko nituzke nik!!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!