Atez Atekoaz eta bostgarren edukiontziaz mintzatu ohi gara, baina hobeto zehaztu ditzagun kontzeptuak. Nola azaldu hitz gutxitan Usurbilen hondakinen kudeaketan emandako pausoa? Bostgarren kontainerraren aurrean Atez Ateko sistema hautatu dutela esateak ez ditu gauzak argitzen. Ez da bilketa edo ontzi kontua, ezberdintasuna askoz sakonagoa da.
Egia esan, bostgarren edukiontzia berez ez da bostgarrena: arropa zaharrentzakoa kontatuz gero seigarrena da; kontatuz ostegunetan olioa eta bestelakoak biltzen dizkigun furgoneta, zazpigarrena... Ez da hori: bostgarrena izan, seigarrena edo hamaikagarrena, orain arteko edukiontzien sistemaren oinarria da herritarrek nahi duten moduan erabili ditzaketela, mugarik gabe. Nahi baduzu bereizi, nahi ez baduzu ez. Emaitzak ondo ezagutzen ditugu, egunero ikusten ditugu: desastre. Horrela intzineradora datorkigu.
Atez Atekoa oztopatzeko orain bostgarren edukiontzia aldarrikatzen dutenek azpi-azpian zera eskatzen dute: hondakinen bereiztea borondatezkoa izatea. ´Nahi badut usatuko dut bostgarren edukiontzia eta nahi ez badut ez`. ´Egoki datorkidanean egiten dut, baina presaka banaiz, edo euria ari badu, orduan dena kontainer berde handira`. Beraz, hori eta kutsatzeko eskubidea eskatzea gauza bera da.
Gaur egun tailer mekanikoetan olioa aparte biltzen dute, papelerak ez dauka ibaia kutsatzerik, inorentzat ez da libre bizilagunaren atarian pixa egitea edo ur zikinak leihotik kalera botatzea... Milaka adibide daude. Inork ulertuko luke 2010ean papelera bati agintariek mesedez eskatzea ibaia ez zikintzen saiatzeko? Edo firma bilketa bat zaborrak errekara botatzeko edo mendian uzteko debekuaren kontra? Edo edonon edonoiz tabakoa erretzeko eskubidearen alde?
Denok egin dugu aurrera. Gaur ezin da erre lantokietan, txarra delako guretzat eta batez ere ondokoari kalte egiten diogulako, erretzeak hil egin dezake. Urteak behar izan dira baina erabakia iritsi da, aurrera egin dugu.
Orain Hernanin udalak erabaki du herritar guztiok hondakinak bereizteko garaia iritsi dela. Horretarako proposatu du sistema errez bat, leku askotan erabiltzen dena eta oso eraginkorra. Hori inposizioa dela esanez kexu direnek esplikatu behar dute haiek eskatzen dutela kutsatzeko eskubidea, beren buruak baina baita ere hondakinak ondo bereizi eta birziklatzen dituzten herritar guztiak kutsatzeko eskubidea.
Pello Zubiria Kamino, Hernanin Zero Zabor.