«Atez Atekoarekin edota 5.kontenedorearekin, zabortegian EDO inzineradoran eduki beharko duela bere tratamendua (hondakinak)». Horrela amaitzen zuen Amonarraiz jaunak aurreko igandeko Kronikan argitaratu eskutitza. Zabortegia EDO errauskailua.
Ondo planteatua dago disjunkzio hori? Ez zait iruditzen. Atez atekoak, 5.kontenedoreak eta errauskailuak zabortegia beharko dute. Ez dago disjunkziorik, konjukzioa baino. Amonarraiz jaunak, egiazki ihardun nahi izan balu, zabortegia edo zabortegia esan beharko zukeen edota errauskailua ETA zabortegia. Non dago aldea? Sistema bakoitzak azkenean uzten duen hondakinei begiratu beharko diegu. Atez atekoak biltzen duenaren %15 inguru soilik jaso beharko du. Errauskailuak, airera jaurtitzen duen keaz gain, prozesuaren ondoren sortzen duen eskoria jaso beharko du. 5.kontenedorearen sistemak, lortzen dituen emaitzen arabera, errauskailuaren sisteman amaituko duela aurrikus daiteke. Alternatiba, beraz, Atez atekoak behar duen edo errauskailuak behar duen zabortegian datza. Kualitatiboki eta kuantitatiboki neur daiteke arazoa. Errauskailuak sortuko duen eskoria hori toxikoa da, hau da, zabortegi berezi bat beharko du dagozkion segurtasun neurriekin. Era berean, bazka eman beharko zaionez, ez da hondakinen bereizketarik bultzatuko eta eskoria kantitate handiagoa sortuko da. Ez dago disjunkziorik, errauskailuak zabortegia behar du eta zabortegi hori arriskutsua da.