( Mikel Jaka Sasieta )
70 urtetik gorako lagunak dauzkat, gure gurasoek 80 eta 87 urte dituzte, eta benetan eskertzen dizut haiekiko erakutsi duzun kezka. Egia esan beldurrez eskertzen dizut, beldur bainaiz ez ote zaizkidan haserretuko halako adeitasunarekin tratatzeagatik; izan ere, oso harro daude bere kabuz moldatzen direlako.
Andoni, gure gurasoek gai batzuk birziklatzen dituzte eta irrikan daude gai organikoekin gauza bera egiteko (haien garaietan egiten zuten bezala). Garbi dute ez dutela erraustegia nahi. Beren hondakinen erantzuleak dira, eta maitasunagatik jartzen dute biloben osasuna zaborra kontainer bakarrera botatzeak dakarren erosotasunaren aurretik. Eskerrik asko, baina ez kezkatu haien moduko pertsonengatik.
Jakin badakit gaur egun jende askok (%80k datuen arabera) ez dituela hondakinak bereizten, eta agian horientzat zailagoa izango da atez atekoarekin ohitzea. Horiei guztiei goxo-goxo azaldu beharko zaie orain arte borondatezkoa zena nahitaezko bilakatu dela etorkizuneko belaunaldien onerako. Animatu egin beharko ditugu eta azaldu egin beharko diegu ez dela ezer gertatzen hondakinak etxean bereizi eta bereizita ateratzeagatik, aspalditik aiton-amona batzuek egiten duten bezala. Bene-benetan Andoni, birziklatzea ez da bizitzearen kontrakoa, guztiz alderantziz baino.
Bat egiten dut zurekin isunak jartzen hasi baino lehen zailtasunak izan ditzakeen jendeari (ez dira zertan izan behar pertsona oso helduak) lagundu behar zaiola eskatzen duzunean. Era berean, harritu egiten nau ez jakitea horrenbeste kritikatu duzun Usurbilgo esperientzian halaxe egin dutela, eta hezitzaileek era desegokian egiten duten lagunak bisitatzen dituztela azalpenak emateko eta zalantzak argitzeko, eta isunak azken errekurtso modura baino ez direla jartzen (bigarren lerroan aparkatzen denean bezala).
Usurbilgo esperientzia ezagutzen dut eta suposatzen dut Hernanin oraindik hobetu egingo dela, eta esatea badaukat, Andoni, planing moduko bat badagoela atez atekoa ondo bideratzen eta egiten lagunduko duena. Bistan da laguntzeko eta gauzak goxo egiteko oso interesatua zaudela, eta aukera hau baliatu nahi nuke dokumentu horiek zuren konfiantzako lagunen artean banatzen hastea proposatzeko, horrela, denon artean errazagoa izango da eta etorkizuneko hernaniarrek benetan eskertuko digute hala egin izana.
Agur bero bat.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!