( Mikel Otegi Uzkudun
Hernanin Zero Zabor ) Komunikabide nagusiek hala erabakita gipuzkoar asko enteratu ez badira ere, martxoaren 26, 27 eta 28an burutu ditugu Hernani, Oiartzun, Urnieta eta Usurbilen ´Atez Ateko bilketa, Zero Zaborrerako bidean` jardunaldiak, bertako herritar boluntarioek antolatuta, diru gutxirekin eta informazio gose handiz. Europan ingurumen arloko aditu ezaguna den Roberto Cavalloz gain, Italiatik Rossano Ercolini etorri zen, Capannori hirian eta Lucca eskualdean eraiki nahi zituzten hiru errauste planten geldiarazteko kanpainetatik ezaguna eta Europan Zero Rifiutti edo Zero Waste (Zero Zabor) proiektuetan aintzindaria.
Kataluniatik, alde batetik, teknikari bat etorri zen, Ignasi Puig, lehendik Gipuzkoan eta Donostian ingurumeneko proiektuak eginak dituena. Bestetik, bi kargu politiko azaldu ziren. Assumpta Boba Caballé Argentonan da zinegotzi, Tots per Argentona zerrenda independientekoa. Josep Maria Tost Borrás Convergéncia i Unióko alkatea da Riudecanyesen eta aurreko legealdian Tarragonako Diputazioan ingurumeneko diputatu izana da. Associació de Municipis Catalans per a la Recollida Porta a Porta (AMCRPP) elkartean Tost lehendakaria da eta Boba zuzendaritzakoa. Zuzendaritza horretan badira CiUko alkateak, PSCkoak, ERCkoak, Iniciativakoak eta independienteak, denetik salbu eta PPkoak.
Hain zuzen Tost jaunak esan zituenak baliatu nahi ditugu Gipuzkoako politikariei erantzunkizun handiagoz joka dezaten eskatzeko. Onena Katalunian edo Italian Atez Atekoa egiten duten hirietako agintariei galdetzea lukete, haietan bai baitira kolore politiko guztietakoak, ezkerrekoak bezala eskubikoak. Eta bestela, edozein politikari gipuzkoarrek entzun behar lituzke Josep Maria Tosten hitzak. Hernanin Zero Zabor taldearen blogean dauzka (http://zerozabor.ning.com/).
Italian 8.000.000 herritar bizi dira hondakinak Atez Ate kudeatuz, Usurbil, Hernani eta Oiartzungo sistema berdinean, eta Katalunian laster 400.000 izango dira. Esperientzia luzea dauka sistema honek, bere abantailak demostratuta daude, emaitzak administrazio publikoek zertifikatu dituzte mundu osoan, erakutsi dutelako onena dela etxeetako hondakinak aprobetxatzeko eta, are garrantzizkoagoa dena, herritarrek hondakin gutxiago sortzea eragiten duela.
Zer dela eta Gipuzkoan horrelako intoxikazio kanpaina horren kontra? Atez Ateko sistemaren eta oro har hondakinen kudeaketa hobe baten alde eta kutsaduraren kontra ari garen herritar boluntariook ulertzen ditugu herritar askoren kezkak edo beldurrak, gehienetan sistema hau ez ezagutzeak sortuak. Baina jasanezinak egiten zaizkigu Gipuzkoako politiko eta kargu hautatu askok egunero esaten dituztenak. Atez Atekoak osasun arauak ez dituela betetzen, jabego pribatua erasotzen duela, emaitzak gezurrezkoak direla, legearen kontrakoa dela...
Nahiago genuke pentsatu Atez Atekoaren kontra hitz egiten eta idazten ikusten ditugun politikoak gehiago ari direla ezjakintasunetik, enpresa handiekin hitzartutako konpromisoen truke baino. Horregatik gomendatzen diegu hobeto aztertzea zer den Atez Ateko bilketa sistema Katalunian, Italian eta munduan, aurrerantzean jakinaren gainean hitz egin dezaten eta egun batean –hemeroteketan geratuko dira hilabeteotan esan eta idatzitakoak- lotsagarri geratu ez daitezen.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!