Atzerritar baten iritzia

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 20a, 01:00

( Kaio Medelin Pellicani ) Ni Italiakoa naiz eta hiru urte baino gutxiago daramatzat Hernanin. Erabaki dut zertxobait idaztea gauza gehiegi irakurri ditudalako, eta nire ustez onuragarria izan zitekeelako atez ateko bilketan aritu den baten iritzia. Nire herriak Monfalcone izena du eta han atez ateko zabor–bilketa aspalditik egiten da; egia esan, han bizi nintzen garaian ez zidan arazo handirik ematen, funtsean ohitura hartzea da–eta kontua. Hasieran, noski, jendea kezkatuta zebilen, kontu berri bat zela–eta, baina denborarekin eta elkarrizketen bidez gauzak konpondu ziren. Horrez gain, bilketa horrek garapen iraunkorra bermatzen du, hondakin berziklatuei bizitza berri bat ematen baitie. Orduan, esango nuke aukera arduratsu bat dela, geure etorkizunaruntz begira. ´Hernani handi xamarra dela` esaten dutenei esango nie­ke Monfalconek ia 35.000 biz­tanle dituela, eta hainbat Italiako herri handiagoetan bil­ke­ta honek funtzionatzen duela. ´Hau zikinkeri bat izango dela` esaten dutenei esango nieke ontziak ez direla egun osoan zehar zintzilikatuko; hemen, behintzat, bilketa gauez egingo da; Mon­falconen, ordea, goizez egiten da. ´Guk beti guztia egin behar dugula` esaten dutenei galdera batekin erantzungo nieke: guk geuk guretzako egiten ez badugu, zeintzuk? Azken finean pena handia ematen dit politikak eragindako desitxuratzeak. Bitar­tean denok frente bakar bat egin beharko genuke, geure etorkizunarako irtenbide garrantzi­tsu bat hartzeko zorian baikaude. Inori ez zaizkio gustatzen aldaketak, baina batzuetan beharrezkoak dira, geuretzako eta etorriko direnentzako. Adierazi dudan guztiak ez du esan nahi ados nagoela Udalak onartutako isunen sistemarekin; bai horixe Monfa­l­co­nen ez da horrelakorik existitzen.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!