Pausu berri bat: Herri Olinpiadak

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 17a, 01:00

( Beñat Aizpitarte Murua eta Iban Zapiain Garzia Hernaniko Gazte Asanblada ) Badira hainbat urte, gazte talde batek Hernaniko Gazte Asanblada sortu zuenetik. Pixkanaka, H.G.Ak helburu batzuk finkatu zituen lanean hasi ahal izateko, haien artean: bizi eredu ezberdinak plantea­tzea, herriko gazteen harremanak sendotzea, gazteei taberna, lokal eta markaturiko estandarrez haratago beste espazio eta aisialdi mota bat eskaintzea, indibidualismoarekin apur­tzea, gazteon sorkun­tza eta iniziatiba bultza­tzea, herria eta kaleak girotzea... Behin helburuak finkatuta, ezinbestekotzat jo genuen gaztetxe bat lortzea, eta horretan jarri ginen buru-belarri. Lehendabizi, Gazte Txabola sinboliko bat sortzeari ekin genion. Honek sekulako bizia eman zion herriari eta baita H.G.Ari ere. Ilusioz beteriko gune alternatibo eta autogestionatu bat lortu genuen. Baina egun batetik bestera, gure ilusio eta lanak zapuzteko asmoz, orduko udaletxeak Txabola bota zuen inongo adierazpenik eman gabe. Noski, honek ezin zuen horrela geratu! Hainbat mobilizazio egin ondoren, udal jangela okupatu eta Kontrakantxa izenarekin bataiatu genuen. Kontziente ginen gaztetxea lortze hutsak, ez zuela bere funtsean ezertarako balio, ez bagenuen gaztetxe hori hasieran lorturiko helburuak lor­tzera bideratzen. Hala ere, garbi geneukan Gaztetxea edukitzeak, H.G.Ari egonkortasuna emango ziola, bilerak antolatzeko, aisialdi ekintza ezberdinak aurrera eramateko, materiala gordetzeko... Azken finean, gure lantoki propio bat sortzeko. Hasiera batean, norbaitek gaztetxe bat izateak inolako justifikaziorik ez zuela pen­tsatu bazuen ere, orain arteko lanaren bidez (akelarrea, martxoak 8ko ekimenak, mendi irteerak, parodiak, bazkari herrikoiak...) frogatutzat daukagu lehen Kontrakantxa behar genuen bezalaxe, orain ere behar dugula. Oraingo honetan ere, pausu berri bat ematera goaz. Gure aurreko belaunaldiei testigua hartuz, gure herrian hain arrakastatsuak izan ziren Herri Olinpiadak antolatzera goaz. Herria eta kalea girotzeaz gain, koadrilen arteko harremanak sendotzeko beharra ikusten dugu. Ziur gaude harremanen sendotzeak, aurrrerantzean izango ditugun erronkei eta apustuei aurre egiteko bidea erraztuko digula. Horretarako, koadrila eta gazte sentitzen den edonori dei egiten diogu otsailaren 18an, arratsaldeko 19:00etan Biterin egingo dugun Batzar irekira azaltzeko eta parte hartzeko. Bertan ikusiko garelakoan, ekin lanari!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!