( Joseba Iurramendi, Hernanin Zero Zabor
taldearen izenean ) Hondakinen kudeaketaz herri batean polemika pizten denean, dena nahasten da (ohiturak, ordutegiak, usainak, estetika, kutsadura, dirua, politika...) eta ez da erreza izaten puntu zehatzetaz eztabaidatzea. Herritarrak nazkatzeko arriskua dago, eta asko sentitzen dugu. Baina egia ez diren informazioak ezin ditugu utzi pasatzen.
Kalean entzun dugu arrazoirik falta ez duen galdera hau: ´Eta Atez Atekoarekin %80 aprobetxatzea lortzen badugu, zer egin beste %20 horrekin?`. Interesgarria, gure helburuak ´Zero Zabor` sortzea izan behar duelako. Baina aldi berean arrazoirik ez duen beste hau ere entzun eta irakurri da: ´Atez Atekoaren ondoren zati bat geratzen da aprobetxatu ezinik, baina intzinerazioak ez du kondarrik uzten, tratamendu ‘finalista’ da`. Hau ez da egia eta jendeak jakin behar du.
Errauste planta batean hondakinak kixkaltzen direnean, erreketa horretan kondar asko sortzen da. Kondar batzuk airez zabaltzen dira inguruetan: gasak eta mikropartikulak, osasunarenzako oso kaltegarriak. Baina kondar solido asko ere bai: errautsak (gaztelaniazko ´cenizas`) eta zepa edo eskoriak, guzti hauek ere toxikoak.
Zenbat errauts eta eskoria sortzen du intzineradora batek? Gipuzkoako Batzar Nagusien bileran Ormazabal diputatuak berak aitortuta, Zubietan erre beharreko 263.000 tona zaborrek emango lukete 63.000 tona eskoria eta errauts, alegia %24. Kixkaltzera sartutakoaren pisuaren laurdena!
Kondar horiek, hondakinen pisu osoaren laurdena, zabortegi berezietan pilatu behar dira, oso toxikoak baitira. Urte batzuetan esan zen usatuko zirela adreiluak egiteko, mendiko pistetan botatzeko, asfaltotarako... baina intzineradorak dauden lekuetan aspaldi konturatu ziren oso toxikoak direla.
Horra errausketaren eta Atez Atekoaren diferentzia bat gehiago. A-Aaren ondorengo kondarrek ez dute kutsatzen, organiko guztia kendu zaielako, bertedero kontrolatu merkea behar dute; gainera, %20 hori gehiago murriztea posible da. Aldiz, intzineradoraren kondarrak pozoiz beteta daude eta bertedero espezial garestiak behar dituzte, bat baino gehiago gainera. Edo intzineradoraren ondoan bertan, edo urrutiago beste norbait pobreago eta ezjakinago bati tranpatan sartuta. Horra egia argi eta garbi.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!