( Ane Iturbe Mujika
Hernaniko AMHER-SOS ARRAZAKERIAren izenean ) Inmigrazioaren inguruan topiko, mito eta gezur asko dago inmigrazioaren fenomenoa modu okerrean ikusarazten digutenak. Horietako gai batzuen gainean hausnarketa egin nahi dugu Hernaniko AMHER-SOS Arrazakeria taldean.
Gezurrak. Batzuetan, inmigrazioaz ari garenean, errealitatearekin zer ikusirik ez duten gauzak imajinatzen ditugu. Hori gertatzen da, adibidez, zenbait prestakuntza sozial eskuratzeko eskubideen kasuan, etorkinek omen dituzten ustezko ´pribilejioekin`. Hori gertatzen da, baita ere, krisi ekonomikoaren benetako kausa eta ondorioak ezkutatzen direnean. Edota, ezagutzen ez ditugun pertsonei buruzko estereotipoak sortzen ditugunean. Era honetan, biktima moduan begiratuak izatetik errudun modura ikusiak izatera pasa daitezke etorkin asko, arrazakeria eta bazterketa bultzatuz.
Errealitateak. Espainiako Estatuz kanpotik Hernanira etorritako pertsonek erroldaren %5a osatzen dute (EAE osoan bezalatsu). Horietatik, ´extrakomunitario` gehienak egoera erregularizatuan daude eta oso finkatuak hemen. Hori posible izateko legeekiko oztopo ugari, eta zailtasun material eta afektibo asko gainditu behar izan dituzte. Beste etorkin batzuk erregularizatze bidean dira. Zenbait eskubidetan berdinak izan arren, beste asko ukatu edo zaildu egiten zaizkie. Euskal Herriko eta Europako gizartearen zahartze prozesua konpentsatu egiten du inmigrazio gaztearen mugimenduak. Gizartea aniztasun-mestizaia handiago baterantz doa, eta gatazkak eta kontraesanak sortu arren, giza aberastasunerako potentzialitate handia eskaintzen du inmigrazioak. Laburbilduz, baiezta daiteke gizarte honetan denok garela beharrezkoak.
Zenbait oinarri. Gure gizartea oso-oso konplexua da, galdera eta ziurtasun falta askorekin, baina badira kontuan hartu beharreko hainbat oinarrizko gauza:
Badago nahiko baliabide, txirotasuna eta bazterkeria soziala ekiditeko. Horren gakoa baliabideen banaketa justuagoan eta elkartasunezkoan dago.
Pertsona guztiok, etorkinak barne, ditugun eskubideen berdintasuna, beste kontsiderazioak baino askoz lehenago dago, hala nola jatorrizko nazioaren, sinesmen erlijioso desberdinen (edo ez sinistearen), tradizioen, kulturaren edota azalaren kolorearen aurretik.
Kulturartekotasuna eta integrazioa ´den-denoi` dagokigu. Guztiok joan behar dugu egokitzen eta aurrerapenaren eta kohesio sozialaren motortzat izango diren askatasunetara, bizikidetasunera eta elkartasuna bezalako baloreetara hurbiltzen.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!