( Jexux Eizagirre Portillo )
Behin, mediku frantses batzuk Afrikako bihotzera joan ziren, laguntze aldera. Bere egitekoa bukatzean, tribu hartako etxizero zaharrak: ´bihotz-bihotzez lagundu diguzue zuek; nik ere onetik onena emango dizuet, bihotz-bihotzez`. Ez zen kakaoa, ez ebanoa, ez marfila, ez eta diamantea ere. Zer izango, eta...? ´landare bat da: magia egiten du osasun kontuetan`.
Hala etorri zitzaigun, mediku frantses haien eskutik, Desmodium adscendens landarea Europara, Afrikako bihotzetik ekarria. Gaur egun, mediku europarrek desmodiuma erabili ohi dute: gibela garbitzeko, birikak irekitzeko, hesteak libratzeko, giharrak deskantsatzeko... Amazoniako indioek, emazteetan, bihotza berotzeko erabiltzen dute, hoztuta badute (hortik izena: maitasun hotz). Ni neu ere zorretan nago etxizero jaunarekin (gure garai bateko sorgina: sortzen duena?): desmodiuma hartuz, irabazi egin dut osasunez; eta, orain, ´adiktoa` naiz.
Gainera, haietako mediku batek gaixoen elkarte bat sortu du, desmodiuma Afrikako bihotzetik ekarri, eta gurean banatzeko. Horiek dira ´negozio` onak: bi aldeek berdin irabazten dute, inork inor menderatu gabe; eta, betiere, nori bere kultura eta sinesmenak errespetaturik. Eta dena osasunaren alde (´osasuna izanez gero, akaso, zerbait egingo dugu; osasunik gabe...?`).
Egun on batean, era honetako elkarrizketa ez zaigu hain arraro egingo: ´nora zoaz, oporretan?` Eta besteak ´mutil-lagunaren herrira: Senegalera`. Motor berak eragiten die adiskidetasunari eta amodioari, muga guztien gainetik (buruan dauzkagun mugak dira handienak). Bihotza dugu motor hori. Bihotza beratuta badugu, munduak aurrera jo ohi du, taupadaz taupada. Eta, gogor dugunean, berriz, unibertsoa ere gelditzen da hilotz, bihotzekoak jota: odola sobera, maitasuna falta.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!