( Izaskun Txintxurreta Ibabe Ingurumen zinegotzia ) Berriz ere frogatzen da Andoni Amonarraiz eta Iñaki Arratibelek gezurra bakarrik erabili dezaketela atez atekoa kritikatzeko. Santa Barbarako trasferentzia guneari tokatu zaio oraingoan.
Argitu dezadan trasferentzia guneko kontainerretan hustutzen ditugula kamioiak, birziklatze plantara dena bidaia bakarrean eraman ahal izateko. Bilketa sistema guztiek dute trasferentzia puntu bat, bidaiak gutxitzean diru eta denbora asko aurrezten delako.
Baina Amonarraiz eta Arratibel berriz ere gezurretan ari dira. Santa Barbaran gaiak banatuta pilatzen ditugu. Gainera nahita ere ezingo genituzke gaiak nahastu. Edonork ulertzen du hori. Ezin dugu papera eta kartoia beste ezerrekin nahastu bestela paper/kartoi hori ez liguketelako inon onartuko. Ezin dugu organikoa beste ezerekin nahastu bestela Lapatxen ez luketelako onartuko. Ontzi arinak nahasten ditugula ere esan dute baina ontzi arinak ez dira trasferentzia puntutik pasa ere egiten, zuzenean eramaten ditugulako Urnietako birziklatze plantara. Bi arduragabe hauen zenbat gezur gehiago jasan behar ditu Hernaniko herriak?
Hernaniren alde ari gara lanean. Ziur aski bilketa hobeto egin daiteke baina herritarrekin batera egunero ari gara atez atekoa hobetzen. Jende askok esan digu gero eta hobeto ari garela eta atez atekoa berak uste baino errazagoa egiten zaiola. Aldiz, zer egiten dute Amonarraiz eta Arratibelek? Gezurrak esan. Giroa nahasten saiatu. Ez dute herritarrak egiten ari diren ahalegina aintzat hartzen. Atez atekoa zapuztu nahi dute, ez dutelako birziklatu nahi, guztia errauste-plantara eraman nahi dutelako. Merkealdian erositako politikariak dira.
Zailtasunak zailtasun Hernanin atez atekoa ondo ateratzen ari da. Herria garbia dago eta birziklatze kopuruan emaitza ikusgarriak ari gara lortzen. Egun bakarrean birziklatzen dugu gurea baino herri handiagoek hilabetean birziklatzen dutena. Herritarrak pozik daude eta gu ere pozik gaude.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!