Jordi Colomerri erantzunez

Kronika - Erredakzioa 2010ko urt. 29a, 22:19

( Gerardo Munduate eta J.M. Mugica ) Azken aste hauetan Villasar de Marren zaborren inguruan gertatutakoaz gauza asko esan dira eta egokia ikusi dugu, bertako bizilagun batekin hitz egin ondoren, honako gutun hau idaztea. Vilassar de Marren, 2004 urtean (atez ateko bilketa martxan zegoenean) Urbaser enpresak (zaborren bilketaren ardura zuenak) 67 pertsona zituen lanean eta Udalak beste 6. Guztira 73 lagun zaborren kudeaketan lanean. Hau, Gizarte Segurantzaren datuei esker erraz frogatu daiteke. Egia da Vilassar de Marren bi pertsona zeudela, besteak beste, inspekzio lanak egiten. Egia da baita ere, zabor biltzaileen ardura zela, zaborra behar bezala banatua zegoela egiaztatzea (baina oso gutxitan ge­ratzen zen poltsaren bat jaso gabe eta gehienetan zabor guztia nahastua joaten zen). Guztiz faltsua da atez ateko bilketa proposatu zuen alderdiak irabazi zituela bilketa sistema hori martxan jarri ondorengo hauteskundeak. Atez ateko bilketa mar­txan jarri ondoren egindako hauteskundeak CiUk irabazi zituen, baina PSC/PSOE, ERC eta ICVren arteko itunari esker, PSC/­PSOEk lortu zuen alkatetza. Aipatu behar da, atez ateko bilketaren inguruko desa­dostasunak zirela eta, aipatutako ituna bertan behera geratu zela laster. Atez ateko bilketa sistema aplikatu zen bitartean, Vilassar de Marren ezohikoak diren zenbait gertakizun aipatu behar dira, sistema horrek sortutako iskanbila sozial eta politikoa frogatzen dutenak: Zabor bilketaz arduratzen ziren langileek greba egin zuten. Atez ateko bilketaren aurkako manifestazio bat egin zen eta Vilassar de Marren inoiz ez bezala N-II errepidea ere moztu zen manifestazio hartan. Atez ateko bilketak iraun zuen urte gutxitan Udaleko ingurumen saila lau zinegotzi ezberdinek kudeatu zuten dimisioengatik. ´Larrialdi puntuak` deitutakoak, birziklapenik gabeko zabortegietan bihurtu ziren, horrek herritarren artean haserrea eraginda. Jordi Colomerren idatzian, Catalunyan atez ateko bilketa egiten duten 85 udal daudela aipatzen da. Baieztapen horrek errealitatea itxuragabetzen du. Argi azaldu behar da, herri guzti horiek oso biztanle gutxiko herriak direla eta horietatik oso gutxitan jasotzen direla atez ate zaborraren frakzio guztiak (organikoa, papera, ontziak, beira eta errefusa). Herri hauetatik gehienetan edukiontziak mantentzen dituzte eta atez ate zaborraren frakzioren bat jasotzen dute, ez guztiak. Eta garran­tzitsuena, herri horiek ia eraikin bertikal gabekoak. Argi geratu da, zaborrak bil­tzeko atez ateko sistema, ekonomikoki bideraezina dela, batez ere tamaina batetik gorako herrietan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!