( Goio Irazusta,
elkartekideak idatzia; eta, Koxka asanbladak onartua, aho batez. )
Zenbait hernaniarrek urteak eman ditugu gure Udalean buru izan diren kolore guztietako agintariei hauxe eskatuz: konpondu dezatela zakurren arazoa. Egia da badirela zakur-nagusi asko bere zakurra ondo erakutsia dutenak, eta, saiatzen direnak bere zakurrak inor molestatu ez dezan; eta, txukun-txukun, kaka-mokordoa biltzen dutenak, kale erdian (nazkagarria!) utzi gabe. Baina, egia da era berean, badirela beste asko bere zakurraz `paso` egiten dutenak; eta nagusi horiexek dira arazoa sortzen dutenak: denoi eragiten digun arazoa, hain zuzen ere.
Egia ere bada, orain arteko kolore guztietako udal korporazio guztiek bere ahalegintxoak egin dituztela; baina, azkenean, denek ere etsi egin dute; eta, oraindik ere, arazoak hor dirau, bere hartan, konpondu gabe.
Koxka elkartea osatzen dugun pertsonontzat, arazoa areagotu egiten da, baldin eta kalean zehar ibili behar duena itsua bada, edo gurpil-karrotxan badihoa: ezin dute etxera itzuli, bere zapata-zolak, edo gurpilak, zikindu gabe: ezin ihes egin kaka-mokordoari.
Horregatik beragatik, Koxka elkartekook eskatu egiten diogu Udal honi, benetako eragina izango duten neurriak hartu ditzan, nagusi axolagabeen zakurrek sortzen duten arazoa konpontzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!