( Adolfo Masid Balda
M. Itziar Santamaria Irizar
Amaya Urbieta Lezea
Langile Ikastolako gurasoen izenean ) Kaixo, berriz ere Langile Ikastolako gurasook protesta egin behar izan dugu Hezkuntza Departamenduak Donostian duen bulegoetan.
Hezkuntza Departamendua egitasmo berri batzuk eramaten ari da aurrera, Langile Ikastolari zuzen zuzenean eragiten diotenak. Baina egitasmo horiek ez dute, inolaz, bertako gurasoen eta irakasleen oniritzia.
Langile Ikastola orain dela 40 urte inguru jaio zen. Eta pasa den denbora guzti honetan milaka ume izan dira Ikastolatik pasa direnak. Urte guzti hauetan, esparru guztietan, garai berriei egokitzeko lana etengabekoa izan da ikastola barruan (eraikinak, matrikulazioan izandako gorakadari erantzuteko neurriak, jangelako eta bestelako zerbitzuak...), baina batez ere, egokitze lanean buru belarri aritu baldin bagara, aurrera daramagun Hezkuntza Proiektu berritzailearen alde izan da. Hezkuntza Proiektu honek berezitasun asko ditu eta hauek guztiak aztertu eta egokitu izan dira, etengabe, Ikastola osatzen dugun sektore ezberdinen parte hartzearekin (gurasoak, irakasleak, langileak eta ikasleak). Hezkuntza Proiektu honek errekonozimendu anitz izan ditu eremu askotan, eta baita Hezkuntza Departamenduan ere. Eta honen guztiaren emaitza garbienetako bat hau da: Hernaniko gurasoen gehiengo handi batek Langile Ikastola aukeratzen du beraien seme-alabak matrikulatzeko orduan, 2-16 urte bitarteko ikasketak egiteko.
Eta gure proiektua bultzatu eta lagundu beharrean, Hezkuntza Departamendutik proiektuaren kontrako bi neurri hauek inposatu nahi dituzte:
1-Hernaniko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3 zentroen fusioa (DBH 12-16 urte). Beharrezkoa den adostasuna lortu gabe eskola bakarra sortu nahi dute. Egia da beste 2 zentroak ados daudela fusioarekin (edo bai behintzat bertako irakaslegoa). 2 zentro hauek matrikulazio galera garrantzitsuak dituzte Irakasle askok Donostiara ikastera joateko erabakia hartzen dutelako, eta Hezkuntza Departamenduaren iritziz zentro bakar batean ikasle guztiak bateratzeak joera hauek geldiaraziko ditu. Baina Langilen pentsatzen dugu, neurri honek beste ikastolen arazoak ez dituela konponduko. Are gehiago, zoritxarrez, arazoa handiagotu egin daiteke, masifikatuta eta hezkuntza proiektua ez duen ikastola batean, gure seme-alabak matrikulatzera behartuta aurkitzen bagara, herritik alde egiteko joera Langile ikastolan ere eman daitekeelako. Irtenbide ezberdinak daude, baina Hezkuntza Departamenduak ez du entzun nahi. Planteatzen diren arazoak fusioarekin ados dauden 2 ikastolekin eman daitezke: 2 ikastola hauek fusionatuz, Langile ikastolari 2-16 proiektua garatzeko bidea irekiz, eta gainera herrian 2 Hezkuntza Proiektu ezberdin eskainiz. Eta esaten duguna ez da tontakeri bat. Baina Hezkuntza Departamenduak berean jarraitzen du eta harrigarria bada ere, egin diren alegazio guztietatik bakar bat besterik ez dute onartu: datozen bi ikasturteetan DBH1 eta DBH2 fusionatzea, eta horren ondorioz, bi urte hauetan 12 eta 13 urteko umeak 18 urteko institutuko gazteekin eraikin berean sartzea. Erotu egin al dira oraingoan? Hau gutxi balitz, mehatxuka hasi dira hezkuntza proiektua, instalazio egokiak, zuzendaritza eta irakaslegoa ez duen zentro berri honetan beraien seme-alabak matrikulatzeko zalantzak dituzten gurasoekin.
2-Langile ikastola 3 lerrotara mugatzea (75 ikasle gehienez). Esan dugun moduan Langile Ikastolak eskaintzen duen Hezkuntza Proiektua Hernaniko guraso askoren gustukoa da. Azken boladan 4 lerroetara mugatu behar izan dugu Haur hezkuntzako matrikulazioa 2 arrazoirengatik: masifikazioak Hezkuntza proiektuan izan dezaken eragin okerrengatik eta Hezkuntza Departamenduak berak beharrezko ditugun irakasleak eta errekurtsoak bidaltzen ez dizkigulako. 4 lerro horiek kalitatezko baldintzetan aurrera eramateko asmoarekin irakasle guztiek ahalegin berezia egin behar izan dute. Baina horrela izanda ere, azken 2 urteetan Langile Ikastolan beraien seme-alabak matrikulatu nahi zituzten 28 familia beste ikastoletan matrikulatzera behartuak ikusi dira.
Eta orain ere Hezkuntza Departamenduak irtenbidea bilatu dio arazo honi: Langile Ikastola 3 lerrotara mugatzea eta gelditzen diren matrikulazio guztiak beste ikastoletara bideratzea. Non gelditzen da gurasook gure seme-alaben hezkuntza proiektua aukeratzeko dugun eskubidea?
Egoera honen aurrean zenbait bilera egin ditugu Departamenduarekin, baina bilera hauek ez dute ezertarako balio izan. Protestaren bidea gelditzen zaigu... eta horretan jarraituko dugu.
Gai honen inguruan eta aurreko paragrafoetan ukitu ezin izan ditugun atal ezberdinen informazio gehiago, ikastolako web orrian aurkitu dezakezue: www.langile.com.
Mila esker zuen arretagatik eta beste bat arte.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!