( Juan Karlos Plazaola
Ezker Abertzaleko zinegotzia )
Atez atekoa bultzatzen dugunok herria isilarazten dugula esatea, ilegalizatuta gaudenean, taldea deseginda eta Marian alkatetzatik botatzeko mehatxupean... ez da onargarria. PP eta PSOE bidelagun hartuta hori esatea, onargarria ez izateaz gain, hernaniarroi trufa egiten saiatzea da.
Izenburu hori irakurrita, Amonarraiz bere alderdia kritikatzen ari dela irudiko luke, Zubietako errauste-plantaren inguruko herri kontsulta eskatzen zuten 35.000 sinadura zakarretara botatzeagatik. Kritikak zentzu osoa luke errauste-plantak hernaniarron osasuna mehatxupean jarriko duela jakinda. Amonarraizek ordea kasu honetan ondo ikusten du bere alderdiak herria isilarazten lagundu izana.
Errauste-planta ezarri nahi dute, horregatik ari dira atez atekoaren aurka. Herri galdeketaren alde daude orain, derrepente; orain arte herri galdeketa guztien aurka egon direnak; errauste-plantaren inguruko herri galdeketa debekatu dutenak. Edozer atez atekoa gelditzeko.
Udal Batzarrean esan genuen, herri galdeketen aldekoak gara, jakina. Baina hernaniarron osasuna babestea da gure lehentasuna eta errauste-planten aldekoei ez diegu utziko herri galdeketa errauste-planta inposatzeko trikimailu moduan erabiltzen. Horregatik, herri galdeketa egitekotan, atez atekoa martxan jarri ondoren egingo dugu, hernaniar guztiok atez atekoaren eta errauste-planten inguruko beharrezko informazio eta ezagutza osoa eskura ditugunean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!