( Javier Hernández Ruiz de Larrinaga (Hatxe)
Hernaniko LAB sindikatua ) Gure arbasoek ia dena birziklatzen zuten, organikoa animaliei eman, beirazko ontziak berrerabili, erosketak egiteko poltsa erabili... Geroztik hona gauzak aldatu egin dira, gaur egun dugun sistemarekin gehienez ere %25a birziklatzen dugu, lurperatu eta ontzi berdeetan nahi dugun guztia botatzen dugu (plastikoak, burdinak, altzariak, paperak, kartoiak, komertzioetako soberakinak...) eta gainera edozein ordutan botatzen dugu, gure bizilagunei inongo errespeturik erakutsi gabe.
Orain, berriz, sistema berria proposatu digute Hernaniko Udal Gobernutik: ´Atez Atekoa`, non geu izango garen protagonista, geuk sortutako hondakinak geuk kudeatuko ditugu; egin behar dugun gauza bakarra zera da, asteroko egutegiari begiratu eta egun bakoitzean dagokiguna hartu eta prestatu dizkiguten lekuetan utzi (portaletik gertu).
Aukera paregabea dugu saltzen diguten gizarte indibidualista eta ez solidarioari EZ esateko. Ardura gehiago eskatzen zaigu BAI, baina emaitzak ere askoz hobeak dira. Sistema honekin %82 inguru birziklatzea lortzen da, eta lortuko dugu.
Iritsi da garaia. Ez dugu erraustegirik nahi gure etxe alboan, ez ditugu aldameneko herrietan nahi, ez diegu horrelako hondamendirik utzi nahi ondorengo belaunaldiei; nahi duguna zera da: denok konpromiso txiki bat hartzea, Udaletik, teknikariek, Atez Ateko Bulegotik eman dizkiguten aholkuak ahalik eta hobekien betetzeko eta ingurumena zaintzeko.
Erabili dezagun erronka hau herritarrok batzeko eta ez konfrontazioa areagotzeko. Denborak esango du eta erakutsiko digu Udal Gobernuak hartutako erabakia ona izan dela, ez digula aparteko lanik eskatzen, birziklatze tasa altuak lortzen ditugula... eta harro egongo gara gure herriaz.
Hernaniko LAB sindikatutik, herritar guztiak animatzen ditugu sistema hau aurrera eramaten laguntzera, gure uste apalean merezi du-eta.
BAI, BAI, BAI !!!! maiatzaren 9tik aurrera, Hernanin denok ATEZ ATE.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!