( Jexux Eizagirre )
Ados. Neuk ere maite dut txokolatea... beltza… kakao asko duena (%70).Zuhaitz koxkor batek ematen du kakaoa.
Kakao zuhaixka Ameriketakoa da, jatorriz. Jainkoen Janari, deitzen diote indioek Ekuador estatuan, Los Rios eta El Oro-ko lurretan, milioika landare zeuden, duela 200 urte. (Gerora, bi herri horiek ondotxo ezagutu dute euskal misiolariek.) Kakao lanerako, esklaboak behar ziren: Espainia, soilik, 1.600.000 esklaboren jaun eta jabe zen: gehienak Afrikatik eramanak (asko, euskal ontzietan). Dirutza handia egin zuten terratenienteek: la pepa de oro deitzen zioten kakaoari. (Ikus, liburutegian Ekuadorrez dagoen erakusketa.)
Esklabo jendeak, matxete kolpez, kateak eten zituenean (Ekuadorren, 1851.urtean), Afrikara emigratuko zuen kakao landareak, luberri bila: Bolikosta, Ghana... Izen berria ere jarri diote kakaoari: urre marroia.
Afrikan, 300.000 ume (9-12 urteko) bihurtu dute esklabo, kakao merke eta ona ateratzeko. Nestle da esklabo jende horri etekin gehien ateratzen dionetako bat, lotsa handirik gabe.
Multinazionalaren buru batek kazetari bati honela erantzun baitzion: ´Ados. Nahi baduzu, esklaboak izango dira; baina, denok dakigu, bestela ere, ume horiek pobre izango direla, beti`. Nestlek, iaz, %70 gehiago irabazi zuen: 12.000 milioi euro: Etiopia osoko gosea hiltzeko: 400 milioi, nahikoa.
Wukroko jendea dihoan ospitalera, ume bat ekarri dute, gaur: Mubarek du izena. Kilotan, %70 gutxiago pisatzen du, hemengo batek baino. Afrikan, milioika Mubarek daude. Gehienak, ataka batean sartuta: edo esklabo bihurtu, edo goseak hil, edo...
Le plaisir du chocolat: Nestle! iragarkiak, 25 segundo iraun du: 5 gramo txokolatek ahoan irauten duena: une horretan, munduan, 5 ume irentsi ditu goseak. Zein gerrak akabatzen ditu hainbeste ume? dio Olaranek.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!