Fatum

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 7a, 21:12

( Jone Egaña ) Lehenik eta behin, esan nahi dut ez nuela ezer idatzi nahi atez ateko zabor-bilketaren inguruan zalaparta ugari sortu delako, baina ikusirik azkenaldi honetako txutxu-mutxuak eta gure me­mo­ria eskasa, hala egin behar nue­la iruditu zait. Erran gabe doa, nire ekologista zertzeladak agintzen didala atez ateko zabor-bilketaren alde egotea. Baina goazen kontu hau sakonkiago aztertzera. Kalean entzuten diren kontrako argudioak honako hauek dira: ez dela erosoa, kiratsa egongo de­la atarietan, ordutegia egongo dela... Hasteko, gogoratu nahi ditut gure duela hogeita bost urteko herriak: zikinak, zaborrez beteak; inork ez zuen zikinkeriarik poltsikoan gordetzen edo zakarretara botatzen. Hasieran, ziur naiz protestak egongo zirela; ha­la ere, gaur egun orokorrean argi dago gure kaleak garbi ikustea gus­ta­tzen zaigula. Hori ez du inork zalantzan jartzen. Bestetik, kontenedoreak jarri zizkigutenean ere askorentzat ez zen oso erosoa izan: etxean toki gehiago behar zen, kalera gehiagotan atera behar zen zabor ezberdinak ateratzera, ordutegiak bete behar ziren... baina hau ere gainditu genuen, eta egun hori ere ez du inork zalantzan jartzen, jabetu baikara berziklatzea ezinbesteko kontua dela. Azkenik, ezinbestekoa da elikagai organikoaren berziklatzea eta ez soilik beira, papera... elikagai organikoa baita zabor ugarien sortzen duena. Beraz, nahiz eta erosoa ez izan, kiratsa egon (udako egunetan egun ere badago), ordutegiak izan (egun ere badauzkagu)... beste erremediorik ez zaigu gelditzen, hau da, sortzen dugun zabor guztiarekin ahalik eta minik txikiena egitea naturari eta ingurumenari.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!