( Jokin Nazabal
Kulturola )
Hernanirako Kultur Gune bat irudikatzen hasi ginenean, ilusioz baina urrun ikusten genuen gure asmoa bilduko zuen eraikina, proiektuaren zutabeetako bat. Gaur emana dugu lehen pausoa. Eskerrak eman nahi dizkizuegu kontsultan proiektu honen alde egin duzuen guztioi, baita gurekin batera proiektua lantzen eta aberasten elkarlanean aritu zareten herriko talde zein pertsona guztiei ere, gurekin batera ilusio berbera bizi duzuelakoan.
Proiektuak kontsultan jasotako babesa handia izan da, duen onarpen zabalaren erakusle. Hala ulertu du udalak ere eta geure egiten ditugu alkatearen hitzak esaten duenean ´parte-hartzea oraindik amaitu ez dela` eta ´proiektuaren lanketa, interesa duten eragile kulturalen parte-hartzearekin egingo dela`. Parte-hartzearena izan da gure beste zutabeetako bat eta hortxe gaituzte oraintxetik bertatik.
Lehen zutabeari zimendu ederra jarri diogu. Jakitun gara, ordea, lanik handiena orain datorrela. Guk, geure aldetik, azpiegitura bera eta honen kudeaketarekin batera, proiektuaren ardatz diren beste zutabeak prestatzen jarraitzeko asmoa dugu: kultur produkzioa eta edukiak, heziketa eta euskara. Horretan jarraitzeko ilusioz beteta gaude, orain arte bidelagun izan ditugun talde guztiekin elkarlanean eta etorri nahi duten beste guztientzat atea zabalik.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!