Kontrakantxa, hiru urteren ostean ere pausuak emanez, hiru urte eta aurrera...

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 19a, 01:00

( Lierni Mateo Eguzkitza Hernaniko Gazte Asanblada ) Egunak igarotzen dira, oharkabean, asteak eta hilabeteak zenbaki hutsez betetzen diren bitartean. Agerikoak dira ospatu beharrekoak, abenduaren 16a, halakoxea da. Hiru urte dira Hernaniko gazteok, berriz ere, bildu eta Kontrakantxaren bide luzean lehen pausuak ematen hasi ginela. Hiru negu igaro dira pareta hotz eta ilunetan argi izpia ikusi genuela. Hiru urte martxan hasi eta gure etxearen alde apustu eginez, eraikitzen hasi ginela. Hilabete eta urteen joan etorrian bizitakoa ez da hitz hutsetan kontatzekoa, baina gazteon etxearen hormak sendotzen doaz etengabean. Oihu eta isiluneak nagusitu dira denbora honetan, eta Kontra­kantxaren behar eta nahiak lanean ilusioz aritzea ekarri du gurera. Ekintza ezberdinez koloreztatu ditugu orain arteko hutsune zuriak eta hemendik aurrera ere gure pintzelada finez marraztuko ditugu gure etxe, kale eta herriko txokoak. 2006ko abenduaren 16 hartatik, gaztetxeko paretek hainbat gertakizun jazo dituzte, batzuk ilusio, poz eta alaitasun osoz hartu dira. Beste batzuk, muga eta oztopoak ekarri dizkiguten arren, era batera edo bestera aurrera jarraitu ahal izan dugu. Egun, gaztetxearen ´azpi egiturak` konpondu eta sortuz doaz eta hilabete gutxitara, gazteok, gure etxea, barne eta kanpotik eraiki­tzen hasi ahalko gara. Esanguratsua da, elkarlana eta aurrera egiteko nahiak, behar dugun Kontrakantxa honetan ekin ahal izateko eta oztopoak gainditzeko indarrak areagotzen dituela. Hiru urte hauetan, zailtasunak gora behera, gaztetxearen suak piztuta iraun du eta hemendik aurrera, are sugar handiagoa eraku­tsiko du. Honenbestez, gaurko eguna ospatzekoa dugu, ametsak egi bihurrarazi dituen Hernaniko Gazte Asanbladako kideontzako, Kontrakantxa aurrera eramaten lan egin duten guztientzako, bertan joan etorriak egin eta modu batera edo bestera gure etxea bizirik iraunaraztea lortu dutenentzako. Azken finean, hiru urte hauetan eraikitako pareta sendoak gauzatzea ezinezkoa izanen zen elkarlana, borroka, ilusio eta aurrera egiteko nahi amaigabearen sentimendu eta ideiarik gabe. Beraz, Mila esker eta Zorionak!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!