( Unai Erroitzenea Gamio
Zertbitzu Publikoetako Delegatua eta Hernaniko Zinegotzia )
Atez ateko zabor bilketaren aurkakoak argudiorik gabe geratzen ari dira, atez ateko zabor bilketarekin emaitza ezin hobeak lortzen ari garelako eta herritarrak pozik daudelako (ikus bestela, birziklatutakoaren tasa, jasotakoaren kalitatea eta Aztikerren inkestaren emaitzak). Eta orain, 2011ko aurrekontuen gaia aprobetxatuta, sistemaren aurkakoek, Hamaika Batek batez ere, gezurrak esateari ekin diote, argudiorik ez dagoenean hori izaten baita aukera bakarra.
Izan ere, ez da egia atez atekoa beste sistemak baino askoz garestiagoa denik, eta sistemak dituen onurak estali nahi dituzte.
Batetik, ez da egia 2009an zaborra jasotzearen kostua 1.090.000 euro izan zenik. Diru hori aurreikusia zegoen aurrekontuan, baina Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak hondakinak zabortegira botatzeagatik prezioa igo zuen 2009ko uztailean (75 €/T izatetik 125,74 €/T izatera pasatu zen) eta, ondorioz, Hernaniko Udalak 1.193.000 euro jorratu zituen. Hala, gaur egungo tarifekin 4 edukiontzien sistema erabiliko balitz, 1.491.778 euro beharko lirateke. Atez ateko sisteman 1.713.000 euro behar dira, beraz, aldea ez da hain nabarmena.
Baina, areago, atez ateko sistemak legeak dioena betetzen du, eta 4 edukiontzien sistemak ez, ez baitu organikoa era berezituan biltzen. Atez ateko sistemaren aurkako batzuk 5. edukiontziaren aldeko sutsuak omen dira, baina kalkulatu al dute zein kostu izango lukeen sistema horrek? Bada horretarako, lehen aipatutakoa 1.491.000 euro horiei 5. edukiontziaren gastuak gehitu behar zaizkio. FCC enpresak Udalari zaborra jasotzeagatik 472.000 euro kobratzen zizkiola kontuan hartuta, zenbat kobratuko luke 5. edukiontziko organikoa jasotzeagatik?
Horri guztiari, zabor bilketa tradizionalaren gastuak etengabe gora doazela gaineratu behar zaio. Izan ere, gaur egun zabor tona bat zabortegira botatzea 2009 urte hasieran baino %74 garestiagoa da (75 €/T 2009 urte hasieran 133,89 €/T gaur egun). Horri egin nahi duten errauste plantaren gastuak gehitzen badizkiogu, argi dago sistema tradizionala gero eta garestiagoa izango dela etorkizunean.
Bestetik, argi dago Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak organikoa jasotzea saritu beharrean zigortu egiten duela, eta datuak dira horren erakusle. Aldera ditzagun gure inguru hurbilean organikoa tratatzeagatik kobratzen dutena eta Partzuergoak kobratzen duena. Hernaniko Udalak derrigor Lapatxera eraman behar du organikoa eta tona bakoitzeko 97,97 € ordaindu behar ditu, aldiz, Itsasun 50 €/T kobratzen dute, Gasteizen 64 €/T, Katalunian tonako 30 eta 70 € artean… Horri gehitu behar zaio Lapatxeko konpost plantaren jarduera lizentziarik gabe ari dela, honezkero hiru planta egon beharko liratekeela eta bakarra dagoela… Birziklatzearen alde daudela diote, baina itxurakeria baino ez da, errealitateak besterik erakusten baitigu.
Atez atekoa egiten dugun herriok bestelako zigorra ere jasotzen dugu, izan ere, San Marko Mankomunitateari egin beharreko ohiko diru ekarpena handitu egin da (2010. urtean 206.000 € eta 2011. urtean 309.000 €), jasotzen dugun zerbitzua hutsaren hurrengoa den arren.
Beraz, ondorioa garbi da: une honetan atez ateko sistema 4 edukiontzien sistema baino apur bat garestiagoa da (apur bat baino ez, inondik inora ez 800.000 euro garestiago), baina oso epe laburrean 4 edukiontzien sistema (zer esanik ez 5 edukiontziena) askoz ere garestiagoa izango da, zabor tona bakoitzeko prezioa gora baitijoa eta horri errauste plantaren gastuak gehitu behar zaizkio. Gainera, atez atekoa une honetan erabaki politikoengatik da garestiagoa (Lapatxeko tarifak, San Markori egin beharreko ekarpena…), ez sistema bera garestiagoa delako.
Horregatik, arduraz jokatzeko eskatu nahi dugu. Atez ateko sistemak, esfortzua eskatu dio Hernaniko Udalari eta, batez ere, hernaniarrei, baina esfortzu horren etekina izugarria da, eta hernaniarren lorpenak ez dira makalak. Hernaniarrak aitzindari gara eta harro egoteko arrazoiak baditugu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!