Langile Ikastolari 4. lerroaren onarpena aldarrikatu nahi dugu.

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 17a, 01:00

( Esther Gaztelumendi eta Arantxa Lareki (Egoera horri aurre egiteko elkartutako gurasoen izenean) ) 2-3 urteko seme-alaben gurasoak gara. Iaz 2009-2010 ikasturterako Hernaniko Langile Ikastolan egin genuen aurrematrikula. Gure seme-alabak eskolako kopuruetatik kanpo geratu zirenez, beste ikastetxetara eramatera behartuak izan ginen edota etxean itxaroteko erabakia hartu genuen. Beti ere, gure nahia, hurrengo ikasturtean 2010-2011n Langilen matrikulatzea zen, 3 urtekoen geletako ratioak, 18tik 23ra pasatzen direla jakinik eta ondorioz gure haurrentzat plaza nahiko egongo zela pentsatuz. Langile Ikastolara jo dugunean, gure seme-alaben matrikula datorren ikasturterako zertan den jakiteko, Hezkuntza Sailak, lau lerroekin ezin dutela jarraitu jakinarazi dietela esan digute, larunbateko prentsa-idatzian azaldu zen moduan. Ondorioz, ezarritako aldaketa honek gure seme-alaben matrikulatzeko aukera ezabatzen du. Gurasook gure seme-alabentzat egokien deritzogun Hezkuntza Proiektua aukeratzeko eskubidea dugula jakinda, erabaki honek gure eskubideak urratzen dituela uste dugu, gure aukeraketa Langile Ikastolan heztea izan baita. Hori dela eta, umeak Langile Ikastolan ikasteko eskubidea izatea eskatu nahi dugu, 4. lerroaren onarpena aldarrikatuz. Horretarako, Hezkun­tza Delegaziora eskaera luzatzearekin batera, Arartekora jotzeko asmoa dugu, dagokigun eskubidea berma diezaguten. Datozen ikasturteetan Langile Ikastolan matrikulatzeko asmoa duzuenoi zuen babesa eta indarrak batzera gonbidatu nahi zaituztegu, denon artean 4. lerroa onarpena lortzeko. Otsaileko matrikulazioa gainean dugula jakinik, aldez aurretik mugitu beharra ezinbestekoa ikusten dugu. Iaz 12 izan ginen lekurik gabe geratu ginenak; 4. lerroa desagertuez gero, (20 plaza gutxiago 3 urtekotan), eta iazko matrikula errepikatuko balitz, 32 ume izango lirateke Langile Ikastolan ikasteko aukerarik gabe geratuko liratekeenak. Egoera horretan aurkituko zareten gurasoak bazarete eta gurekin bat egin nahi izanez duzue, deitu ondoko telefonoetara: Langile Ikastola 943555423 edota beste honetara Iratxe 695781948 (arratsaldez). Bestetik, Hezkuntza Proiektua aukeratzeko eskubidearen alde inposaketarik ez eta 4. lerroaren alde, lelopean, egunotan eta gaur osteguna arratsaldeko 6etan Atsegindegin egingo den elkarretaratze eta firma bilketan parte hartzera animatzen zaituztegu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!