( Langile Ikastolako OOGaren izenean: Urtzi Errazkin/ Markos Ormazabal ) Hezkuntza Sailaren aginduak, Langile Ikastolaren Hezkuntza Proiektuaren aurkako eraso. Langile ikastola pedagogia proiektu aurrerakoi, herritarra eta parte-hartzailea garatzeko sortu zen duela hamarkada batzuk. Ibilbidean zehar herritar ugarik egin izan dute bat hezkuntza proiektu honekin eta pixkanaka-pixkanaka ikastola handituz eta sendotuz joan da.
Halaber, urte hauetan guztietan, garai berrietara egokitu izan da ikastola, baina funtsezko ezaugarriei uko egin gabe. Hala, azken urteotan izan den matrikula mailarik gorenera iritsi da eta beti ere 2 urterekin hasi eta 16 urte bitarte ikasle guztiak bertan egin dute beren ibilbide guztia.
Alabaina, Hezkuntza Sailetik oztopoak eta eragozpenak baino ez ditugu jaso. Batetik dugu Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntzako ikasleei ezarritakoak; eta bestetik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoei agindutakoak.
Matrikularen gainean, Ikastolak duela bi urte egindako Batzarrean lau lerrotara mugatzea erabaki zuen, eta erabaki horren ondorioz 2004/2005 ikasturteaz geroztik gure ikastolan 4 lerrori dagokion ikasle kopuruarekin lan egin izan da eta urteroko matrikularen berri Hezkuntza Sailak izan du.
Orain bi urte arte ez da arazorik izan eta baliabide pertsonalak nahikoak izan dira, Haur hezkuntzan egon diren bitartean. Lau lerroko talde hauek, Lehen Hezkuntzara iritsi direnean, Administrazioak ez ditu dagozkien irakasle guztiak izendatu, ezta baliabide materialik bidali ere. Horrek ondorio larriak sorrarazi ditu gure Hezkuntza Proiektua gauzatzeko garaian. Beraz, Hezkuntza Sailak, gurasoek egin duten Hezkuntza Proiektuaren aukera ez du onartu nahi izan eta legez matrikulatutako ikasle horien tutoreak ez ditu bidali. Langile Ikastola legez 3 lerroko ikastetxe izatera derrigortu nahi du, eta maila bakoitzeko 75 ikasle baino gehiago ezin dituela hartu agindu du.
Inposaketa honekin jarraituz, 2010/2011 ikasturterako DBHko 1. maila egin behar dutenentzat, teknikoki eta pedagogikoki funtsezko oinarririk ez duen bateratze prozesu bat abian jarri du. Alegia, herriko DBH guztien artean ikastetxe bakarra sortu nahi du, non 12-18 urte bitartekoek ikasiko duten, nahiz eta zein metodologia, proiektu pedagogikoa, azpiegitura berriak, irakasleria eta abar behar den bezala zehaztu eta landu gabe izan eta irizpide ekonomizista hutsak lehenetsiz.
Honenbestez, Langile Ikastolako kideek adierazi nahi dugu, hezkuntza eredu berritzaile eta parte-hartzaile hau garatzeko nahia daukagula, nahiz eta bidean sortzen diren oztopoak larriak izan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!