Etxebizitza erosteko eskubidea

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 8a, 13:58

( Marian Beitialarrangoitia, Alkatea ) Alkate naizenetik niri buruzko gauza asko entzun eta irakurri ditut, eta baita ikasi ere zenbaitzuk gezurrak edota erdizkako egiak esateko duten afizioa, besterik gabe min emateko helburuarekin. Orain arte apenas erantzun ditudan honelakoak eta aurrerantzean ere antzera jarraitzeko asmoa dut, baina honen guztiaren jakitun naizelako eta ezkutatzeko ezer ez dudalako herri guztiaren aurrean adierazi nahi dut, baietz, Txantxillan etxea erosi dudala, hobe esan erosi dugula senarrak eta biok. Gauza jakina da, Txantxillako etxeen kontuan beste batzuk aurreko agintaldian egindako hutsuneen kostua niri ordainarazi nahi izan didatela egia ezkutatuz, eta orain ere izango da bestelako usterik zabaldu nahi izango duenak, beraz aurrez gauzak argi utzi nahi ditut: 1.- Erosi egin dut prezio libreko etxea Txantxillan, alegia garestietakoa, eta inork ez dit ezer oparitu 2.- Gu bion soldatatik ordainduko dugu, maileguren baten laguntzarekin eta egun dugun etxea salduz (aurki jarriko dugu salmentan, norbaiti interesatuz gero). Gauzak horrela zalantza izpirik duenari gomendioa, ez dakienari buruzko zurrumurruak zabaltzen denbora pasa ordez, norberak berarentzat horrelakorik ez baitu nahi izaten, eman dezala pausu bat aurrera eta salatu dezala. Lehen esan bezala ez dut ezer ezkutatzeko, zenbat kobratzen dudan ere aspaldi jakina da, eta ziurrenera aurreko alkatearen soldatari eutsi izan banio are errazagoa izango nuen pisu berria ordaintzea. Baina ez, orduko erabakia egokia izan zen, eta orain etxea erostekoa ere bai. Gauza bat garbi dudalako, ez dudala beste inork baino eskubide gehiago, baina ezta gutxiago ere, eta beraz beste edozein hernaniarrek bezala nik ere badut etxea erosteko aukera, oporretara joateko edota beste hainbat gauzatarako bezala, beti ere nire karguaz baliatzen ez banaiz horretarako. Gehiago esango dut, orain gutxi arte nik dakidala Txantxillako etxe guztiak ez zeuden salduta, beraz guk bezala erosteko nahia eta modua duenak badaki nora jo. Hori etxe librea erosteko asmoa duenak, babes ofizialekoak 2010ean zozketatuko dira, ez da nire kasua. Beraz gauzak garbi eta zalantza duenak badaki, sala dezala dagokion tokian eta argibideak eska ditzala, berehala erantzuteko moduan izango dira ogasun arduradunak, bai zenbat ordainduko dudan eta baita zenbatekoa den eskatu dudan mailegua ere, dena deklaratu baitut, behar den tokian eta moduan. Eta fede txarra besterik ez duenak pentsa dezala hori bera berarentzat nahi ote lukeen ala ez. Noski gaiaz hitz egingo dudan aurreneko eta azken aldia da, uste dut nik ere Alkate lanak ez diren gainerako kontuetan badudala bizitza pribaturako aukera, hortaz nire gauzak nireak dira lehen, orain eta gero.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!