( Kontxi Aldanondo Aranburu (Hernanin Zero Zabor) ) Abenduaren 12rako, larunbatean, ´Zer egin hondakinekin?` kale ekintza antolatzen ari gara Hernanin Zero Zabor (HZZ) taldekoak. Gutun honen bidez parte hartzera gonbidatzen ditugu hernaniar guztiak.
Aurreko bi urteetan Autokonpostaren Erakusketa antolatu genuen bezala, orain modu zabalagoan Hernaniko hondakinei buruzko eztabaida kalera atera nahi dugu. Guk etxean sortzen ditugun hondakin eta zaborrak ez baitira mirariz desagertzen: behar bezala selekzionatu, bildu eta tratatzen ez ditugulako, kutsadura handitzen duten zabor bihurtzen dira. Eta horretaz nahi dugu eztabaidatu: nora doaz gure hondakinak? Nola hobetu dezakegu hondakin horien gestioa?
Hernanin Udalak Atez Ateko bilketa sistema martxan jarri nahi duen honetan, gaiari alde askotatik helduta eztabaidatzen da, eta ondo iruditzen zaigu. Baina ez dugu mamia ahaztu behar. Alegia, hondakinak orain arte bezala bildu eta tratatzea oso kutsakorra dela, orain arteko sistema aldatu gabe Intzineradora eraiki eta hondakinak han kixkaltzea are kutsakorragoa izango dela, eta hondakinak bildu eta tratatzeko beste bide osasuntsuago bat antolatu beharra daukagula.
Abenduaren 12an, eguerdi partean eta Plaza Berrin (Behemendiko azoka dela aprobetxatuz), HZZ taldekoek gai ezberdinak lantzen dituzten mahaiak eta erakusketak ipini nahi ditugu. Han agertuko dira gaurko zaborren datuak, Usurbilera taldean egin genuen bisitaren bideoa erakutsiko da, Intzineradorak nola funtzionatzen duen erakusten duen beste bat ere bai, herritarrek autokonposta nola egiten den ikusi konpostagailua eskatzeko aukera izango dute, eta abar. Hurbiltzen diren herritarrei banatuko dizkiegu hondakinen arazoak hobeto ulertzeko inprimituko ditugun materialak ere.
Hernaniar hori: ez ahaztu denok sortzen ditugula hondakinak eta horiek ahalik eta kutsadurarik gabe manejatzea denon betebeharra dela.
Bestalde, Hernanin Zero Zabor boluntarioz osatutako talde independiente eta txikia da. Horregatik, erakusketa antolatzen eta burutzen lagundu nahi diguten guztiak ondo etorriak izango dira.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!