( Andoni Amonarraiz EAJ-PNVko bozeramailea ) Irakurri dut Arrieta jaunak, Partehartze Zinegotziak sinatutako artikulua, eta lehendabizi azaldu nahi dudana harridura da, ‘Zenbat!!!’ izenburupean idatzi nuen artikuluan, norbait kalumniatzeko intentzioa dagoela iruditu baitzaio. Beste kontu bat da berari iruditzea beretik ezberdina den iritzia ematea kalumniatzeko modu bat dela.
Egia da proposatutako prozesu partehartzaileak babesten ditudala eta egia da ere, parte hartze bajua dagoela; eta beraz, prozesu hauen bidez lortzen ari dena aztertzeko eta hernaniarren parte hartzea bultzatzeko zenbait erabaki hartzeko ordua dela uste dut; ez bada Arrieta jaunari iruditzen zaiola parte hartzearen kasuan ez dela garrantzitsua parte hartzaileen kopurua, baizik eta parte hartzaileen kalitatea. Egia da herriko behar kulturalak ezagutzeko prozesua 2007an jarri zela martxan, baina oraingo taldeak geldiarazi zuen; eta orain, 2009an, berreskuratu eta bereganatu du. Baina benetako argazkia hau da: 80.000 euro gastatu ditugu, sail ezberdinetatik, baina guztia diru publikotik, hernaniarren iritzia ezagutzeko, eta parte hartzea honakoa izan da: 25 pertsonako media, eskuzabala izanda, eta hau ez du ukatzen Arrieta jaunak. Nire galdera da: bide honetatik jarraitu behar dugu ala hernaniarrek gehiago parte hartuko duten sistema berriak eta merkeagoak aurkitu behar ditugu?. Eta nire asmoa ez da kalumniatzea, eztabaida sortu, pentsarazi eta egoera hobetzea baizik.
Horrez gain esan nahi dut, oso pobrea eta sinplea iruditzen zaidala hedabideen bidez, egungo Gobernu Taldeak egindako ekintza batzuen inguruan egiten ditudan salaketak, udalerriko hauteskudeetarako urte eta erdi falta direlako egiten ditudala azaltzea hernaniarrei. Idatzi hauek idazten ditut hernaniarrek pentsatzen dudanaren berri izan dezaten, argi eta garbi, itzulinguruka ibili gabe. 2003tik prentsara bidaltzen dut nire eguneroko lanean sortzen diren gaien inguruan pentsatzen dudana eta uste dut beharrezkoa eta sanoa dela herriak jakitea, zuzenean, zinegotziok zein iritzi dugun.
Azkenik, eta 2011ri dagokionez, halako ildoa jarraitu behar dugu: sentimendu eta pentsaera nazionalista demokratikoa, ez baztergarria eta lana herriaren alde eta herriarekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!