( Iñaki Lorenzo Quintela ) Aste honetan Hernanin erroldatuta gaudenok lehendabiziko aldiz Udalaren urratsak bideratzeko aukera daukagu. Parte-hartze prozesuak eman dioguna eman du, eta hiru proposamena artean erabakitzeko ordua iritsi da.
Nire lehen hausnarketa honetaz da, erabakitzeko gaitasunaz. Politika orokorrean PPk eta PSEk gaitasun hori kendu digute, tamalez herrigintzan EAJk eta H1k ere ostu digute, baita EB-Aralarrek ere. Adierazgarria izan da, Estatuari eskatzen diote guri galarazten digutena. Kontsultari bere mamia kendu nahi diote. Zertarako bozkatu emaitza ez bada beteko? Zorionez, Gobernu Taldekoek esan dute herriaren hitza beteko dutela, baldintza bakarrarekin: gutxienez herritarren %20k parte hartzea. Nire ustez, ez da zentzugabeko baldintza. Beraz, herritarrok erronka bat dugu, gutxieneko kopurua gainditzea.
Udal aldizkariaren azken alea irakurrita, beste ondorio bat atera dut: ez gaude hauteskunde garaian, kulturak ez du etekinik ematen. Gobernu Taldeak izan ezik, beste zinegotzi guztiek (PPren isiltasunarekin) herritarren erabakia baldintzatzen dute, hautatua izan daitekeen proiektuaren finantziazioa zalantzan jartzen dute. Eta horrela, herritarren aurrean, Kultur Gunearen aukera desegokiena bezala aurkezten dute.
Beste alde batetik, joan den Udal Hauteskundeetan Kultur Aretoari buruz esandakoa gogorarazi nahi diet zinegotzi batzuei. Fernandinok ´jende gehiago hartuko dituen areto bat behar da. Azpiegituretan lehentasunak galdeketa bidez jarri behar dira` azpimarratu zuen; Angladak uste zuen ´azkar konpondu beharreko gabezia bat dela`; eta Amonarraizek ´auditorio bat egin nahi dugu (...) ezinbestekoa da auditorio egoki bat edukitzea.` Hitz haiek promesa hutsak izan ziren?
Hori dena ikusita, nire erabakia hartu dut eta oso kontzienteki Kultur Gunearen alde bozkatu dut. Zergatik?
Lehenik, orain Udal Gobernuan daudenek edozein proiektu martxan jartzeko konpromisoa hartu dutelako (eta, gainera, aukera bakar bat ez dute bultzatu eta ezta gutxietsi ere). Bigarren, udal oposizioak Kultur Guneko aukera ez du aurrera eramango; lan gehiegi eskatzen duelako, hasteko finantziazioa bilatzen. Hirugarren, kultur munduko hernaniarrek merezi dutelako, euren lana eskertzeko eta bultzatzeko. Laugarren, eta pisuzkoa, Hernanin bizi garenok gure kultura aberasteko tresna garrantzitsua izango delako.
Dudarik gabe, beste proiektu guztiak beharrezkoak dira, baina gaur egungo Gobernu Taldekoen lan gaitasuna aprobetxatu behar dugu zailena egiteko. Oraindik haien proiektu guztiak martxan daude, eta kajoian ez dute proiektu bakar bat sartu.
Edonola ere, zein hautatuko den baino garrantzitsuagoa da %20ko parte hartzea gainditzea, aterako den erabakia gauzatzeko. Horretarako zure botoa erabakigarria da, aprobetxatu!