Donostian larunbatean manifestazioa: `Errausketarik ez, Atez Ateko bilketa`

Kronika - Erredakzioa 2009ko aza. 27a, 01:00

( Malores Etxeberria Arrese, Hernanin Zero Zabor taldearen izenean ) Larunbatean, hilak 28, arratsaldeko 17:00etan, Bulebarretik abiatuta, Zu­biet­an eraiki nahi duten Errauste Plan­taren kontrako manifestazioa dago antolatuta. Errausketaren Aurkako Herri Plataformaren Koordinakun­deak dei egin die Gipuzkoako herritarrei kalean agertu daitezen hondakinak erraustearen kontra eta hondakinak kudeatzeko askoz osasungarriagoa den Atez Ateko bilketaren alde. Manifestazioa iragarriz Koor­dina­­kun­deak zabaldu dituen txartelak garbi mintzo dira. `Respeto a la participación` diote goian; izan ere, Eusko Lege­biltzarrean Zubietako proiektuaz eztabaida­tzea eskatuz aurkeztutako 35.000 sinadurak zakarrontzira bota baitituzte. Edozein demokratak aitortuko du ez dagoela eskubiderik horretarako. Hernanin oraintxe gaude bete-betean Atez Ateko bilketa sistema antolatzeko prozesuan. Usurbilen eta munduko beste herri txiki eta handi askotan ikusi denez, posible da herritarrok sortzen ditugun hondakinak askoz modu burutsuagoan bildu eta tratatzea, bildutako materialen %80 baino gehiago berrerabiliz eta kutsadura toxikorik sortu gabe. Herritarroi ohitura aldaketa txiki bat eskatzen digu, besterik ez. Aldiz, birziklatuz aprobetxa daitezkeen hondakinak zabor moduan Intzineradoretan kixkal­tzea mundu osoan eztabaidatzen den kontua da. Medikuek salatzen dute osasunarentzako kaltegarriak direla kixkaltzean sortutako gasak eta bestelako errautsak. Greenpea­ce bezalako mugimendu ekologistak aspalditik ari dira salatzen ingurumenarentzako kaltegarriak direla intzinerazioak sortutako gasak eta kondarrak, klimaren aldaketa bultzatzen dutela, eta enpresa handi batzuen interes ekonomikoak direla beren justifikazio bakarra. Eta Hernanin zer? Dagoenekoz Hernani Euskal Herriko `puntu beltzetako bat` da kontaminazioari dagokionez. Zubietako Intzinera­dora eraikitzen badute, bost kilometrora edukiko dugu beste kutsadura iturri bat gehiago. Horren ordez Hernanin Atez Ateko sistema martxan jartzen denean, era askoz burutsuagoan kudeatuko ditugu gure hondakinak, modu merkeagoan eta kutsadura gehiago eragin gabe. Guzti horrengatik, Hernanin Zero Zabor taldeko kideak Donostiako manifestazioan izango gara eta hernaniarrei dei egiten diegu animatu eta bertaratu daitezen. Gure eta gure seme-alaben eta biloben osasunak betirako eskertuko digu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!