( Jokin Nazabal
Kulturolaren izenean ) Udalak erreferendum batera deitu gaitu, zertarako eta herrian inbertsio handia eskatzen duten hiru azpiegituretatik bat lehenesteko. Hobetzekoak hobetzeko, txalotzekoa da udalak herritarrak aintzat hartzea erabakiak hartzeko garaian. Horrelako prozesuetara ohituta ez bagaude ere, orain herritarroi dagokigu udalari erakustea prest gaudela erabakietan parte hartzeko.
Hiru proiektu jarri dira mahai gainean. Gure ustez, Kultur Guneak balio erantsia du. Balio erantsia Kultur Guneak azken urte hauetan herriko eragileen artean landutako proiektu bat daukalako atzean, azpiegitura baino haratago doana. Eta herriko hainbat premia jasotzen dituelako, ez bakarra. Auditorioa aipatzen da, musika eskola, taldeek lan egiteko lekuak... Ezagunak dira arlo horietan guztietan dauden gabeziak. Baina horiez gain, beste premia batzuei erantzuteko atea ere irekiko luke, Kultur Etxean liburutegia handitzea eta egokitzea, adibidez.
Beste proiektuekin duen aurrekontu aldeak arreta deitzen du. Ez dakigu zenbateraino den erreala zifra hori proiektua definitu gabe egonda. Hala ere, denok dakigu horrelako inbertsioei aurre egingo bazaie, udalaz gain, beste hainbat erakundek ere hartzen dutela parte. Baina aipatutako premiei erantzuteko proiektuak banan-banan eginez gero, maila berean finantzatuko ote lituzkete? Ahaztu gabe zenbat atzeratuko liratekeen proiektuok.
Hiru proiektuetako edozein aukeratzekotan ere, zifrak baino beste hainbat alderdi izan beharko genituzke gogoan. Zer ekarriko dio herriari datozen urteetan? Zein proiektu dago bakoitzaren atzean? Etorkizunerako apustu sendoa egiteko garaia da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!