Zenbat!!

Kronika - Erredakzioa 2009ko aza. 20a, 01:00

( Andoni Amonarraiz EAJ-PNVko bozeramailea ) Argi azaldu nahi dut, aldez aurretik, ni herriaren iritzia zein den jakitearen alde izan naizela lehen eta orain, batez ere herriari ukitzen dion gai garrantzitsuenetan. Baina argi utzi nahi dut, asmoa hori ez bada ere, diru publikoa alperrik gastatzea ez duela batere atsegin. Hasieratik abiatuz, Hiritar Parte-hartzearen izenean Zenbat!! gastatu dugun aztertzen badugu: 80.000 euro, 2008 eta 2009 urteen artean (25.000 euro Kultur Atelier-ari, 18.000 Nicola Moroni Luppiri eta 29.500 LKSi) eta zenbatek!!! parte hartu duten gobernu taldeak ezarritako sisteman: LKSek egindako azken lanean 12 hiritarrek parte-hartu zuten, 392 inkesta erantzun ziren eta 10 elkartek eman zuten beren iritzia, beste bileretako batazbesteko asistentzia 25ekoa izanda. Datuak horrela ikusita, argi gelditzen da asmatu duten sistema oso garestia ateratzen dela, ez dituela hernaniarrak mobilizatzen eta prozesu horien ondoren? herriaren iritzia? dela esateko nire zalantzak ditut. Baina partizipazio prozesuak hain zuzen horretarako jartzen dira martxan. Hobe Eusko Jaurlar­i­tzaren teknikariekin jarraitu balute, haiekin bi bilera egin ondoren argi utzi baitziguten zeintzuk ziren hurrengo urratsak, jarraitu ez ditugunak. Horrela egin bagenu, hernaniarron iritzia hobeto ezagutzeko, ziur nahiz aspaldi adostua izango genuela Hiritar Parte-hartzearen eredu on bat. Eta askoz merkeago, jakina.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!