( Mattin Aldaia Olasagasti Hernanin Zero Zabor
taldearen izenean ) Hondakinen inguruan Hernanin daramagun eztabaidan behin eta berriro ateratzen ari da 5. edukiontziaren kontua. Alegia, organikoa biltzeko kontainer berri bat gehiago jartzea, Atez Ateko bilketa egitearen alternatiba gisa. Iruditzen zaigu hau gertatzen ari dela batzuetan herritar batzuek gaia ondo ezagutzen ez dutelako (normala da, orain dela gutxi arte hondakinetaz gutxi hitz egin dugu) baina beste batzuetan badagoela ahalegin bat propio ezkutatzeko 5. kontainer horren atzean dauden xehetasunak. Argitu ditzagun puntu batzuk:
1.- Txalotzen dugu horretan parte hartzen duten familien borondatea. Atez Ateko alternatibarik ez balitz, agian guk ere hori bultzatuko genuke, ezer eza baino hobea delako.
2.- Argi esan behar da: 5. edukiontzia jarri den tokietan ez dute herritar guztiek parte hartzen. Borondatea azaldu duten familiek botatzen dute organikoa horietara, eta beste familia guztiek beti bezala segitzen dute.
3.- Esperientzia batzuetan 5. kontainerrak irekiak dira, familia gehiagok hartzen dute parte, baina konpostaren kalitatea asko jaisten da deskontrolagatik. Beste batzuetan giltza daukate, konpost hobea lortzen dute baina familia askoz gutxiagok hartzen dute parte.
4.- Beraz, sistema horrekin herritarren hondakin organiko gehienak segitzen du zaborrarekin nahastuta joaten eta gainera paper, ontzi eta botila asko ere bai: gai berezien beste kontainerren errendimendua ez da hobetzen. Familia boluntarioek ahalegin handia egin arren herri osoaren arazoa ez da konpontzen.
5.- Egunotan jakin da Donostian sistema ez dela zabalduko Intxaurrondora eta Amarakoa eten egin dela garestiegia omen delako eta subentzionatzeko dirurik ez dagoelako. Non daude benetako numeroak?
6.- Amaran 5. kontainerrarekin ahalegina egin duten 2.000 familiei agintariek esan diete ´mila esker zuen lanagatik eta agur ben-hur`. Beraz, agintariek ez zeukaten alternatibatzat, izatekotan ere ´esperientzia pilotoa zen`...
Puntu guzti horiek kontutan hartuta, ez da erreala Hernanin 5. kontenedore batzuk jartzeko posibilitatea planteatzea Atez Ateko bilketa sistemaren alternatiba bezala. Datuek garbi erakusten dute.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!