( Iñaki Arratibel Olaziregi ) Zubietako bizilagun batzuek Hernanira egindako bisitaren berria irakurri ondoren idatzi labur hau idaztearen beharra ikusi dut.
Bizilagun hauek atez ateko bilketaren aldekoak izatea errespetatzen dut. Baina aldameneko herrira etortzea, atez ateko bilketari buruz galdeketa egiteko bildu diren 6.045 sinadurengatik hernaniarroi atentzioa deitzeko, itxuragabekeria iruditu zait. Are gehiago, Zubietan, Usurbilgo auzo bezala, atez ateko bilketa ez duzuela jakinda. Gomendio txiki bat egingo nizueke, zuentzako atez atekoa irtenbidea bada, zuen auzoan atez atekoa eskatuz Usurbilgo udalera joan beharko zenukete. Edo, bestela, zuen auzokidea, EAE-ANVko Usurbilgo zinegotzia eta San Marko Mankomunitateko lehendakariordea den Imanol Azpiroz jaunarenga jo, gauza bera eskatuz. Behar bada, modu horretan, zuen auzoan atez ateko bilketa `disfrutatzeko` aukera izango duzue.
Hala eta guztiz ere, ongi etorriak Hernanira eta jakin ezazue Hernanik beti dauzkala ateak zabalik.
Iñaki Arratibel Olaziregi
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!