Katerik ez, bandera bai

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 4a, 01:00

( Beñi Agirre, euskara irakaslea ) Ikurrina bezain gurea, eta ikurrina be­ra baino lehenagokoa den Nafar bandera ikusi dugu zintzilik Hernaniko Udaletxearen balkoietako batean. Na­fa­rroako egunean, Euskararen egunean, Xabierko Frantziskoren egunean; horien guztien eguna baita abenduaren 3a Euskal Herrian. Katerik gabeko nafar bandera hernaniar guztiona den Etxean zintzilikatzean, abertzaletasuna defenditzeaz gain, Euskal Estatu Nafarra aldarrikatzen dela uler­tzen dut nik. Nafa­rroa, Garaia zein Beherea, erresuma in­de­pendentea baitzen Xabierko Fran­tses 1506an jaio zenean. Gazte­la­rrek 1512an inbaditu ostean ez zuen be­re sorterri okupatura itzuli nahi izan, misiotara joan zen. Portugal­da­rrekin joan ere, ez Espainolekin. Bizi­tzaren bere azken hitzetan euskara erabili omen zuen, hil­tzear zegoela, barruan sentitzen zuen samina adierazteko. Bada nahiko arrazoi, hortaz, eguna ospatzeko eta bandera jartzeko. Egun handia etorri bitartean, denon Etxeko balkoi nagusiko mastatik zintzilik ikusteko lehen pausua eman duzuenoi, bejondeizuela!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!