( Julen Lizaso ) Orain denetik gehiegi daukagu eta horrek sortzen digu arazoa: pilatzen diren zaborrekin zer egin?. Zure galderari erantzuten diozu zeure buruari galdetzen diozunean ez litzateke hobe izango orain daukagun sistema -zaborrontzi guztiak kalean uztea- hobetzea, jendea behin eta berriz kontzientziatzea eta denori erakustea zer daukagun jokoan?.
Atez atekoaren alde bozkatu ez zuten taldeek adierazi dute, besteak beste, jokoan daudela, kaleen itxura, usainak, erosotasuna, hondakinen desagerketa, intimitatea, lanpostu berriak eta abar... eta Usurbilgo emaitza onak zalantzan jartzera ere iritsi dira.
Benetan jokoan zer dagoen jakiteko, jakin behar da Hernanin sortzen den zabor guztiaren %80 zaborrontzi orokorrean botatzen dugula, dena nahastuta, eta %20 sailkatzen dela ontzi berezietan.
Zein da Usurbilgo atez ateko sistemaren arrakastarik nabarmenena? %80tik %18ra jaitsi direla sei hilabetetan. Horrela, gaur egun zabortegira tonak eta tonak botatzea saihesten dute, eta bihar erraustegira eramatea. Zein da mirari honen sekretua? Zabor orokorreko ontzia kentzea denean eta, hartara, nahastutako zaborra bertara botatzea saihestu dute.
Eusko Jaurlaritzak expedientea ireki dio Zabalgarbiko erraustegiari, lurrean metal astunen kontzentrazio haundia topatu duelako. Ekologistak Martxan-ek 2008an salatu zuen bere isuriak Europar Batasunak onartutakoa baino %238 haundiagoak zirela.
Isabel Zubillaga, gai honetan osasuna dugu batez ere jokoan, ez da gutxi; dirua berreskuratzen da, baina osasuna ez da diruarekin ordaintzen eta galdu duenak ondo daki. Ezin diegu utzi gure iloba eta bilobei horrelako ondare toxikoa. Gazte hauek bizimodu zaila dute gaur egun eta etorkizun beltza; eta horretan zerikusi haundia dute, beharrezkoak ez diren produktuen kontsumo neurgabea bultzatzen duten eta orain beharrezkoak ez diren ontziak erretzeko makroerrausgailua behar dutenek. Horrek suposatzen duen guztiarekin gainera.
Atez atekoa errausgailuraren etsairik haundiena da, ez baitio erregairik ematen. Hau ulertzea da atez ateko sistemak Hernanin arrakasta izateko klabeetako bat. Guk baino ordezkaritza zabalagoa duen norbaitek mahainguru bat antolatuko balu herritar, politiko, merkatari eta abarrekin beste klabe bat izango litzateke.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!