( Jexux Eizagirre Portillo ) Haien izena: Gleditsia. Lehorteari ondo eusten dion zuhaitza. Egurra ez da usteltzen; zurgintzan, egokia; surtan, kaloria handikoa... Haziak, abereen jana... Gleditsiak, orain, leka beltzak ditu zintzilik. Eta leka barruan: 22na hazi. Erraz ernaltzen dira: rotonda batean (adibidez) erein, eta, datorren udaberrian: bi mila landare, bai. Goiz batez, Plaza Berrin haziak bilduz gero, bizitza ziklo bat hasi daiteke: hazi-landare-baso-hazi (jana-sua-altzariak)... Gure mendietan, bada haritz... Jubilatu koadrila batek, ez du ezer behar, ezkurra (Wukron jaki) zakuka biltzeko, mendian buelta bat eginez... Izan dira sagar-urteak, lurrean galdutakoak. Aurtengoa: Araban (Hernanitik ez urrun), milaka kilo mahats bota dute lurrera, bodegak ase daudelako. Beste urteetan, milaka tona gari ez da bildu ere egin. Kontu horiek denak: lehorrekoak, soilik. Eta, itsasokoak, zer?... Buka dezadan: hidrohegazkin batez, Añarben gainezkako ura hartu (beste inon ez bada), eta, 24 orduz aurretik, Wukron isuri daiteke: Landareko jendea: gustura. Bistan da: Hernanitik urrundu gabe, aski gara plan ´estrategikoa` gauzatzeko, epe motz-ertain-luzera (nahikoa ur, gari, hazi), Wukro bat egarri-goseak ez dadin hil. Baina, nire lagun batek dioen bezala, plan horrek ez du sekula irtengo. Nola irtengo dik, ba? Hor ez zagok negoziorik, inondik ere! Eta, negozioa duk: Monsanto monopolioari hazi transgenikoak erostea (iaz, 1.500 milioi dolar, irabazi hark). Eta, negozioa duk: Eritrea, Somalia... (Wukrotik ez urrun) armaz asetzea: zerbaitetarako duk Espainia 8garren, arma-esportatzaileetan. Eta, negozioa duk: paseoan erabiltzen dugun txandal eta plaiera, hirugarren munduko haurrek egitea: ezkur truk. Hor zagok plana, hor.
Plaza Berrin, 24 zuhaitz, leka beltzak zintzilik...
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!