Eta intzineradora?

Kronika - Erredakzioa 2009ko aza. 9a, 01:00

( Ana Aranburu Hernanin, Zero Zabor taldearen izenean ) Hernaniko Udalak hondakinen Atez Ateko bilketa martxan jartzea erabaki izanak dagoeneko ondorio oso on bat ekarri digu herrian: sekula baino gehiago ari gara hitz egiten zaborrez eta hondakinez. Albiste ona da hori, herritarrok konturatu baikara egunero begi-bistatik kentzen ditugun hondakin ´itsusi` horiek gureak direla, norbaitek eramaten dituela nonbaitera eta gainera kutsagarriak direla. Herritarren arteko konbertsazioetan eta komunikabideetako idatzietan gai asko ari dira ateratzen hondakinen inguruan. Denak dira inportanteak: bilketa baten eta bestearen kostea, ordutegiak, herritarrentzako erreztasunak eta zailtasunak, konpostaren kantitatea eta kalitatea, kaleen itxura estetikoa, herritar bakoitzaren pribatasuna... Denak dira inportanteak. Baina puntu guzti horiek ez digute ahaztuarazi behar Gipuzkoako hondakinentzako pentsatuta dagoen Intzineradora eta bere ondorioak. Herritar asko konturatu gara zaborrekin zerbait txukunagoa egin beharra daukagula ikusi ditugunean Europan eta mundu osoan intzinerazioaren kalteez publikatuta dauden informazioak. Zerbaitengatik ez du inork nahi bere inguruan. Zubietan eraiki nahi den intzineradorak airera botako dituen sustantzia kutsakorrak Hernanira iritsiko dira. Haruntza eraman nahi diren basurak kixkali ondoren, labean sartutako 100 toneladatatik 20 jaso beharko dira inguruko zabortegi batean, %20 kondar toxikoak. Aldiz, Usurbilgo esperientziak erakutsi duenez, Atez Ateko bilketarekin posible da sortutako 100 tonelada hondakinetatik 80 baino gehiago berrerabili edo birtziklatzea, eta geratzen diren %20 horiek ez dira ez toxikoak eta ez kutsakorrak. Kutsaduraren aldetik eta gure osasunarentzako, gaua eta eguna konparatzea bezala da. Hernanin planteatzen den Atez Ateko bilketa sistemak denoi eskatzen digu ohituretan aldaketa txikia. Ez da haundiegia, orain dela urte gutxi ere basurak ateetatik kentzen zizkiguten eta. Baina emaitzetan, sistema honen eta intzinerazioa eskatzen duenaren artean kolorerik ez dago. Oinarrian dagoen osasun arazo hau ez dezagun galdu begien bistatik.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!