Anttoniri erantzunez

Kronika - Erredakzioa 2009ko aza. 7a, 01:00

( Izaskun Txintxurreta Hernaniko ingurumen zinegotzia ) Atez-ateko hondakinen bilketa dela-eta Anttoni Garayarrek atal honetan luzatu dizkigun hainbat kezka erantzun nahi nituzke. Anttonik galdetzen digu ea berak bezainbeste birziklatzen dugun. Ezin ezetzik esan, baina asko eta asko gara ustez ongi egiten dugunok eta, aldiz, datuek beste errealitate bat erakusten dute. Hala ere, zoriontzekoa zure ahalegina, dudarik gabe! Hernanin, esaterako, %30 inguru bakarrik birziklatzen dugu. Zuk eskatzen duzun gai organikoa jasotzeko bosgarrren edukiontzia jarrita ez ginateke %45etik pasako. Hori da datuek erakusten duten errealitatea, inguruko hainbat herritan kontrastatu daitekeena. Zentzu horretan, eta datuak eskuan, atez ateko sistema da birziklatzea %80ra igotzen duen sistema bakarra eta, besteak beste, hondakinen lege orokorra eta Europako Zuzentaraua bete­tzen duen bakarra. Anttoni kezkatzen duen beste kontua intimitatearena da. Zilegi da kezka hori izatea, jakina. Baina zure lasaitasunerako: ez du inork espioitza lanik hartuko. Gauzak ondo egitea da gure asmo bakarra. Zertarako? Gure eta gure ondorengoen osasuna babesteko, ingurumena zaintzeko eta bizi kalitatea hobetzeko. Azkenik, eta zein sistema den hobea aukeratu ahal izateko, datu ekonomikoak eskatzen dizkiguzu. Usurbilgo datuak Usurbilgo udalak eman ditu eta atez-atekoarekin azken sei-hilabeteko hondakinen kudeaketa merkeagoa dela frogatu dute. Hernaniri dagokionez, egin ditugun aurreikuspenen arabera, sistema berria ezarrita 2010. urtean 300.000 euro gutxiago gastatuko genituzke hondakinen kudeaketan. Egia da bilketa egiteko langile gehiago kontratatu beharko direla baina egia da baita ere, zabortegira zaborrik apenas eramango dugula eta birziklatzen dugunagatik trukean diru-sarrerak izango ditugula, balantzea positiboa egiten dutenak. Bukatzeko, Anttoniri eskerrak eman nahi nizkioke kezkok publiko egiteagatik. Dakizuenez, Aukera...tú! parte-hartze prozesuan gaude eta orain da garaia herritarrek dauzkazuen kezka eta zalantzak planteatzeko, horretarako ezarri ditugun hainbat bideetan, plenario, auzoz-auzoko bilera, web-orri (www.hernani­atezate.net) edo komunikabideetan. Gure aldetik, saiatzen ari gara, eta gogotsu jarraituko dugu, herritarren kezka guztiak argitzen eta eman beharreko azalpen guztiak ematen, atez-ateko bilketa herritarrentzat ahalik eta errazena eta erosoena izan dadin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!