( Julen Lizaso Aldalur, Hernanin Zero Zabor
taldearen izenean. ) Hernanin Zero Zabor taldeko kide batzuek Usurbilen ikusi dugu nola funtzionatzen duen Atez Ateko sistemak. Bertako boluntario batzuk genituen zain goizeko 08:00etan, joan den larunbatean. Larunbatetan hondakin organikoen eguna denez, herritarrek 06:00etatik 08:30ak arte uzten dituzte horretarako udalak banatu dituen balde txikietan. Organikoak astean hirutan biltzen dituzte, goizeko 08:30etan hasita.
Etxe eta kaleek bilketa hasi aurretik eta ondoren daukaten itxura ikusi genuen. Hondakinak uzten dituzte zintzilikatzeko tresna xinple batzuetan. Usurbilgo boluntarioek xehetasun asko eman zizkiguten soinuez, kondarrez, usai-
nez, langileez eta abar, sistema ezberdinak konparatzeko. Andatzpe elkartean sozio batek erakutsi zigun soziedade batean nola egiten duten bilketa. Herrian dauden Larrialdietarako Bilguneak eta Garbigune nagusia ere ikusi genituen; honetara daramazkite herritarrek gai bereziak edo bulto handikoak (eskonbroak, kristalak, kimaketen kondarrak, tresna zaharrak eta abar).
Usurbilen ikusitakoak argazki eta bideoz hartu ditugu. Lehenengo bideo bat ikusgai dago hemen: http://zerozabor.ning.com/video/usurbileko-bisita-1. Gai organikoen bilketa erakusten du.
Usurbilen ikusi eta entzun dugunarekin are garbiago ikusten dugu Atez Ateko sistema efikaza dela eta kontainerren sistema bezain diskretoa edo diskretoagoa ere gerta daitekeela.
Atez Ateko sistemaz plazaratu dira iritzi batzuk esanez Usurbilgo herriak eman dituen datuak (zaborren %80 baino gehiago konpostatu edo birziklatzeko bidean jarri dutela) ez direla egiazkoak. Lehendabiziko lau hilabetetan udalak egin duen kontabilitatean 340 tona hondakin desagertu direla ere esan da.
Usurbilgo boluntarioekin eta aurretik udal teknikari batekin hitz eginda, haiei sinestezina egiten zaie komunikabide batzuek esan duten moduan hori dena usurbildarrek herritik kanpo eraman izana. Tona horien esplikazioa eman ziguten.
Hasteko, Diputazioak berak esana da krisi ekonomikoak hondakinen produkzioa %10-%12 jaitsiarazi duela, 23 kilo gutxiago urteko eta pertsonako. Bigarren, Usurbilgo kaleetan orain ez da kontainerrik eta ezin da haietan lehen bezala kotrolik gabe utzi gai astun asko: etxeetako obra txikien eskonbroak, zabor industrilak kontainerretara bota tranpatan, jardinetako belar-ostoak eta abar. Hirugarren, 400 familia ari dira autokonposta egiten, bostetik bat, eta gogoratu hondakinen %30-%35 organikoa dela. Horixe da guk ere Hernanirako nahi duguna, ahalik eta etxe gehienetan konposta egitea, konpostagailuetan edo txitxareen sistemarekin, bilketa sistema erreztu eta merketzeko.