( Pello Zubiria Camino, Hernanin Zero Zabor
taldearen izenean ) Datorren larunbatean, urriak 17, Hernanin Zero Zabor taldekoak Usurbila joango gara, Atsegindegitik goizeko 07:30etan aterata. Han, goizeko 08:00etatik aurrera, Atez Ateko hondakin bilketa sistemak nola funtzionatzen duen ikusiko dugu, Usurbilgo boluntario batzuek gidatuta.
Atez Atekoaren detaile asko ezagutu nahi ditugu lekuan bertan: nola egiten den bilketa, zein itxura daukaten kaleek hondakinak bildu aurretik eta ondoren, hondakinak gaika nola biltzen dituzten herriko jendeen etxeetan, tabernetan edo soziedadeetan eta abar. Jakin nahi dugu, era berean, Usurbilgo jendeak zein abantaila ikusten dizkion sistema honi, nola egin duen kontainerren sistematik sistema berrirako aldaketa, hobetzeko zer dagoen, eta mila xehetasun. Lehendik ere Usurbilgo jendearekin hitz eginak gaude kontu hauetaz, baina orain lekuan bertan ikusi nahi dugu.
Hernanin Zero Zabor taldean biltzen garenok ilusionatuta gaude Hernanin laster Atez Ateko bilketa jarriko delako martxan. Badakigu eztabaidak sortzen dituela, badakigu martxan jartzeak bere lana eskatzen duela hasieran, herritarren ohiturak egokitzea tartean, baina herriko hondakinak modu burutsuan jestionatzeko planteatzen diren alternatiben artean emaitzik onenak Atez Atekoak eskaintzen dituela konbentzituta gaude. Ez du zertan izanik orain arteko kontainerren sistemak baino garestiagoa eta aldi berean askoz emaitza hobeak eskaintzen ditu. Atez Ateko sistema zabalduz gero, Intzineradorarik ez da beharko eta gipuzkoar guztion osasunak –eta gure ondorengoenak- eskertuko du.
Usurbilera goiz joango gara, hondakin bilketa kaxkoan goiz egiten delako. Horregatik da zita 07:30etan egitea Atsegindegin. Norbaitek interesa baldin badu gurekin etortzeko, azaldu eta elkarrekin joango gara. Gure informazioak http://zerozabor.ning.com/ gunean daude.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!