Lupaz akatsak bilatzen

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 6a, 02:00

( Julen Lizaso Aldalur ) Atez ateko zabor bilketa Her­nanin nolakoa izango litzatekeen erakusteko prentsan argitaratu den argazki montaia adierazgarria da. Bere egileak dio: denok jakin behar dugu sistema nolakoa den, aipatu dizkiguten birziklatzearen emaitzak, baina baita ere kaleek hartu dezaketen itxura. Emaitzak garrantzitsuagoak dira egin beharreko lanak baino; eta Usurbilgo datuak ezagunak dira eta Diputa­zioak berretsi di­tzake. Dena baldin badakigu, zergatik egiten du -berak dioen bezala- gaur egungo sistemaren eta bosgarren zaborron­tziaren alde, atez ateko zabor bilketaren alde egin beharrean? Dena jakin behar da, baina baita ere, denetarik. Zer dakigu gaur egun zaborrontzi haundian biltzen den zabor pilak sortzen duenaren inguruan? Zaborte­gietara era­maten dute, baina atez ateko zabor bilketa sistemarekin Usurbilen zaborra % 80tik 15era jaitsi dute; Hernanin lehenengo urtean %30era jaisten bada, lorpen haundia izango da. Zer dakigu hondakinak nora joango direnari buruz -gasak eta hondakin toxiko desagertezinetaz-? eta 2013tik aurrera erraustuko denaz? Erraus­tutako masaren %36 da... eta alde bozkatu dute. Horre­gatik jakin behar da dena; ez bakarrik atez ateko zabor bilketa sistemaz eta ikusten denaz... eta ikusten ez denaz, zer? Alfonbra azpian sartu? Zabor poltsak paretetatik zin­tzilik dituela azaltzen den Kale Nagu­siaren argazkiaren inguruan galdetzen du Hau al da Hernanirako nahi duguna? Nik behintzat, ez nuke nahi nire herrirako, gaur egun bezala gaueko 23:00ak arte hortxe egongo balira zintzilik, ordu horretan hasten baita zabor bilketa zaratatsua, zaborrontzi haundiak kamioi haundi batera iraultzeko. Eta zakurrek eta zakur ez direnek zulatutako poltsak hor gera­tzen dira kalean sakabanatuta. Obsesionatuak daude lu­paz atez ateko sistemaren akatsak bilatzen, eta ez dituzte ikusten bere abantailak: garbitasuna, eraginkortasuna eta energiaren aurreztea. Bosgarren zaborron­tziarekin emaitza bera lortuko al litzateke biohondakinetan? Posi­ble da, baina beste zaborron­tzi bat izango genuke kalean jarria eguneko 24 ordutan, horrek itxura txarra ematen du, kutsatu egiten du, eta espazioa kentzen du. Lurraz­pian jarri daitekela? Bai, baina 6.000 euro balio ditu bakoitzak, eta zaindu egin behar dira, eta lekua kentzen dute. 24 ordu egunero asko da. Zenbat denbora emango dute poltsek zintzilik Kale Nagusian, goizeko 08:00etan hasten badira biltzen? Hortik aurrera, egun osoan, kalea garbi egongo litzateke, zaborrontzirik gabe, zikindu gabe, eta espaloietan zaborrik ez... Hori da gure kaleek egunero izan dezaketen itxura.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!