Herritarrok erabaki behar dugu!

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 3a, 02:00

( Mikel Arrieta Iraola ) Laister Hernanin, herriaren beharrei buruz demokrazia zuzenaren ariketa izango dugu. Lehen aldiz Hernaniko udal batek gure iritzia biltzeko kon­tsulta demokratiko bat antolatzen du. Erabaki honek herri bat gobernatzeko estiloan aurrerapauso ikaragarria suposatzen du eta une zail hauetan gizalegezkoa da zoriontzea egungo alkate eta bere taldekideei ekimen hau martxan jartzeagatik. Gu baino herrialde aurreratuagoetan herritarrei galdetzea ohikoa bada ere, Hernanin erabateko berritasuna izango da. Lorpen garrantzitsua dela uste dut eta egungo agintarien meritu gisa gogoratuko dugu aurrerantzean. Aldi berean espero dut hemendik aurrera, galdeketa edo bozketaren ariketa hauek maizago egitea, eta gainontzeko alderdi politikoek ere horrelako ekimenekin bat egitea. Gainera eta hori ere txalotzekoa da, berebiziko garrantzia duen gaia aukeratu da lehenengo galdeketa honentzat. Zer behar du Hernanik? Galdera honi erantzun beharko diogu. Maiz, oso maiz kexu agertzen gara: ´udaletxean nahi dutena egiten dute`, ´dirua behar ez den gauzetan xahutzen da…` Makina bat alditan entzun eta esan ditugu holakoak, bada oraingoan gure nahia zein den ozen eta argi adierazteko bidea ireki­tzen zaigu. Herritarroi hitz egiteko garaia heldu zaigu. Hiru lan jartzen zaizkigu aukeran, hirurak premiazkoak zalantzarik gabe baina utziko didazue aipatzen nire iritzia. Egun, nire ustez Hernanik gune kultural, berria eta berritzailearen premia du. Hori da nire ustez lehentasuna izan behar duena. Gure herrian zorionez etengabe kultur sortzaileak agertzen zaizkigu, ekimen berriak martxan ipintzen dira eta guzti horrek bilgune edo lantegi kulturala behar du. Ideiak trukatzeko, elkarlana sustatzeko, euskal kulturaren motore izateko eta aldi berean beste kulturekin elkarrizketa bideak irekitzeko leku bat behar dugu. Euskal herrian zehar sortzen diren hamaika ikuskizun, proiektu eta ekimen gure herrian ezagutzeko aukera izan behar dugu. Hau da nire aukera. Iritzi bat da. Beste asko daude. Herriak hitz egin behar du.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!