Zintzoak

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 26a, 02:00

( Julen Lizaso Aldalur ) Hamaikabat taldeko bozeramaile den Iñaki Arratibelek uste du hiri hondakinak atez ate jasotzeko sistema, gehiengo politikoak onartua Herna­nin,  ezartzea ausartegi joka­tzea dela.
2008ko udazkenaz geroztik, Uda­lak bultzatuta, eta herriak parte har­tzeko helburuarekin, Topagune Ber­dea biltzen da eta  bi gai jorra­tzen dira: mugikortasuna eta hiri hondakinak. Hernaniko Zero Zabor Taldeak sistema berria aztertu zuen, kontuan hartuta kostu ekonomikoa, soziala, ekologikoa... baita ere bere balio pedagogikoa, kaleko itxura (ez litzake zaborrontzirik egongo), eta zenbat energia aurrreztu daitekeen, birziklatutako lehengaiak berrerabiliz eta txukun bildutako materialekin konposta eginez.
Jardun politiko berriei esker, behingoz Hernaniren inguruko zerbait ona entzutea ekarrriko luke, izan ere, gauza izango ginateke elkarrekin bizitzeko, zaborraren bueltan bada ere. Hondakinen inguruko eztabaidak bukaerako emai­tzaren araberako balorazioa eska­tzen du, atzekoz aurrerakoa alegia. Usurbilen, zaborrra biltzeko  betiko  sistemarekin, sor­tzen zen zaborraren %82 botatzen zen zaborrontzira, 170 tona hilabetean. Atez ateko zabor bilketa sistemarekin, laugarren hilabetean, hilean 25 tonelada botatzea lortu dute. Hartara, atez ateko bilketa sistemarekin, hilean 145 tona gutxiago zabor eramaten dira zabortegira, eta gainera birziklatu eta konposta egingo da beraiekin. Hau da denon artean josi behar dugun jantziaren ohiala.
Iñaki Arratibel, hauek irtenbideak dira eta ez bat-batean bururatutako kontuak -zuk diozun bezala-; hala ulertu du gehiengoak, izan ere, sei talde politikoen artean, zuek eta PSOEk bakarrik bozkatu duzue aurka; argudiatzen duzu ulertezina dela atez ateko zabor bilketa sistema onartu izana, jakin gabe, esate baterako, zenbat kostako den. Zure taldeak Zubietako erraustegiaren alde bozkatu zuen hori baino gauza larriagoen, batzuk atzera buelta gabekoen, azalpenik eskatu gabe. Konfidantza kontua da, eta Udala bere gain hartu bezain pronto bere buruari, zuek gobernatzen zenutenaren aldean, soldata %40 jaisten dion alderdi politiko batek merezi du... honelako gaietan.
Beraz, helburu politikoak dituen hartu-eman mediatiko baten bidez  ez dezagun kutsatu Topagune Berdean parte hartzen duten herritarren parte hartzetik sortu den gaia. Bere nahi objetiboak egingarri bihurtzeko ezinbestekoa da herriaren parte hartzea; lehendabizi gaiaz jabetzea horretarako egingo diren informatzeko bileretan parte hartuz; eta beti zuen borondatea, edo gu­txienez zuen neutraltasun politikoa... beti.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!