Etorkizun ilunari askatasun haizea!!!

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 24a, 02:00

( Leire Lunaro Usabiaga ) Bart egongelan nengoen, besaulkian ipurdi masailak ainguratuta nituela eta betiko lez nire begiak telebistan jazarrita. Ahots monotonoak horrela zioen: ´no vamos a dejar ni un solo espacio de impunidad... la calle es de los demócratas... quitaremos todos los símbolos de apoyo a los terroristas... a los terroristas... a los terroristas...` eta orduantxe, aspaldian egin dudan ekintzarik iraultzaileena burutu nuen ahatz bakarra mugituaz; aparailu igorlearen botoi gorria sakatu eta danba!!! Telebista itzali nuen. Nire besaulki erosotik mugitu gabe, leihoan esekirik dudan banderola zaharkitua ikusi nuen eta gelaren isiltasunean, nire barruari entzuten hasi nintzaion. Zer egingo dut banderola eta argazkiak kentzeko barne sailak egin duen mehatxuaren aurrean?Zer esanahi dauka banderola horrek? Leihotik zintzilik dagoen trapu bat besterik ez al da? Bertatik kenduz gero eraikinaren kanpo itxura bakarrik aldatuko da? Ala zerbait gehiago? Kendu? Ez kendu? Ezbaian nengoela kentzearen hautua egingo banu etorkizunak izan zezakeen ibilbidearen inguruan hausnartzen jarri nintzen eta etorkizuneko gertakariak film bateko pasarteak bailira, bata bestearen atzetik, buruan irudikatu zitzaizkidan: Banderola kendu dut, ez baitut isunik ez kartzelarik ezagutu nahi honegatik. Gutxira baten batek, ostiraleroko elkarretaratzeak legez kanpokoak direla ohartarazi du, eta berriro ere beldurrari aurre egin ezinik, etxean geratu naiz. Hemendik aurrera, ostiral ilunabarrak Herrikoan poteatzeko erabiliko ditut. Honek ere ordea, ez du asko iraungo. Berriz ere baten batek esan du herriko tabernetara joatea ekimen terrorista bat dela nahiz eta bertatik aspaldi kendu zituzten terroristen argazkiak. Eta berriro ere urte luzeetako ohiturak aldatu eta beldurrak jota beste ´anbiente` batzuetan ibiltzeari ekin diot. Hilabete batzuk beranduago, terrorista izanagatik (buzonada bat egiten arrapatu zuten) kartzelan dagoen nire lagun minarekin bisita dut, baina asko pentsatu ostean, ez joatea erabaki dut. Terroristei elkartasuna helaraztea ere delitua baita. Baina tira ,aurten ere iritsi dira San Joanak eta jaiaz gozatzeko aukerari muzin egin gabe koadrilarekin kalera irten naiz. Plaza berrira joan gara tortilla goxo bat jatera oilasko errearekin lagunduta. Baina iritziz aldatu behar izan dugu bertara iritsi eta urteroko txosna prezintatua zegoela ikusi dugunean. Tilosetara joan eta bertan elizako kanpai hotsak besterik ez ditugu entzun, han ere jairik ez. Zertan bilakatu da gure herria! Zertan bilakatu naiz! Bat batean nire onera itzuli nintzen buruan sortutako filmaz lotsaturik. Orduan konturatu nintzen egunerokotasunean egiten ditugun ekimen txiki orok duen garrantziaz eta jabetu nintzen denon esku dagoela etorkizun ilun horri aurre egitea. Banderola bat trapu bat besterik ez baita haizeak eragiten ez badio. Izuaren gainetik, etxeko leihoan banderola jarrita mantenduko dut!!! Euskal preso eta iheslariak etxera!!!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!