Karbonera: Sententziaren zain

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 22a, 02:00

( Xabi Ibarzabal Esnaola ) Lau hernaniar epaitu di­tuzte aste honetan Karbonera etxea okupatzeagatik, usurpazio delitua egitez akusatuak. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak isun-zigorrak eskatu dituzte laurentzat eta defentsako abokatuek berriz, absoluzioa. Sententziaren zain geratu da auzia eta bizpahiru aste barru ezagutuko dela espero da. Akusaturen bat zigortzea erabakiz gero, epaia errekurrituko dutela iragarri dute abokatuek. Karbonera erakinina 2006ko apirilean okupatu zen urtetan hutsik eta itxita izan ondoren. 2002az geroztik, etxea Sozietate Mugatu baten esku dago. Enpresa horren administrariak jarritako salaketaren ondorioz, Ertzantzak bertan bizi ziren pertsonak identifikatzea eskatu zion Hernaniko Udaltzaingoari. Udaltzainek 2006ko uztailean orain epaitu dituzten bizilagunak indentifikatu zituzten, baimen judizialik gabe eta etxeko lehio batetik sartu ondoren. Agenteek ez dute horrela sartu zirenek onartu nahi izan eta etxeko atetik sartu zirela, zabalik zegoela deklaratu dute epaiketan. Akusatutako batek bakarrik onartu du Karbonerako etxean bizi dela, beste hiruek identifikatu zituzten egun hartan lo egiten gelditu zirela deklaratu dute, baina ez direla inoiz etxe horretan bizi izan. Bertan bizi den akusatuaren abokatuak, hala ere, absoluzioa eskatu du bere defendaruarentzat, honek ez baitu jabea kaltetzeko inolako borondaterik erakutsi, alderantziz. Etxean sartu zenetik harekin elkar ulertzeko nahia azaldu du (idatzi bidez bidalitako boreau-fax bat frogatzat hartuta). Aldiz, jabeak etxea itxia eta abandonatua izateaz gain, salaketa ipintzera mugatu du bere eginkizun guztia, akusatuarekin harremanetan jartzeko inolako asmorik gabe eta etxe­­a zaindu edota brritzeko proiektuen berririk eman gabe urte guzti hauetan. Beraz, zigor-auzietan erabiltzen den eskuhartze minimoaren printzipioan oinarrituta, eta kasu hauetako jurisprudentziari helduta, defentsak bere bezeroaren errugabetasuna aldarrikatu du, ez baitago usurpazio delituagatik inor zigortzeko lekurik auzi honetan. Akusatuaren lagunak eta Hernaniko zenbait bizilagun egon dira epaiketa ikusten eta auzipetuei babesa ematen. Justizia Jauregitik irte­tzean elkartasuna adieraztera etorri zaigun hernaniar batek esan digu gutxieneko zerbait izan dela epaiketara etortzea, Karbonerari hiru urte hauetan eman duten babes sozialarengatik elkartasuna itzul­tzera etorri dela jendea. Karbonerako biztanleek biziki eskertu dute aste honetan jaso dituzten laguntza, babes zein elkartasun adierazpen guzti guztiak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!